Herritarrak txoko kuttunak marraztera deitu ditu Elizaldek
Igandean (hilak 14) 'Begiak eta begiradak' aire zabaleko marrazki lehiaketa egingo dute Kontzejupean, 10:30ean hasita.
Ikasturte amaierarekin batera, Elizalde Eskolak Begiak eta begiradak aire zabaleko marrazki lehiaketa antolatu du iganderako (hilak 14), eta herriko haur, gazte zein helduak gonbidatu nahi dituzte norbere “txoko kuttuna” marraztera.
Lehiaketan izena egunean bertan eman behar da, 10:30ean, eta marrazteko materiala norberak eraman beharko du hitzordura. Alabaina, eguerdira arte luzatuko den egitaraua osatu dute:
- 10:30. Izen ematea eta euskarriak zigilatzea.
- 10:30 – 12:00. Marrazkiak egiteko tartea. Haurrentzat marrazteko txokoa egongo da Kontzejupean.
- 12:00. Marrazkien entrega.
- 12:00 – 12:30. Askaria eta txapa tailerra.
- 12:30. Sari banaketa ekitaldia. Kategoria bakoitzeko irabazlearentzat pintura maletak eta marrazteko materiala banatuko dira.
Herritar oro gonbidatu dute parte hartzera, baina bost kategoria sortu dituzte: Zirrimarra (HH2 eta HH3ko haurrak), zirriborro (HH4 eta HH5eko haurrak), zirriberri (LH1 eta LH3 arteko ikasleak), begiberri (DBHko ikasleak) eta begibizi (16 urtetik gorakoak).
Marrazki lehiaketa ekitaldia amaitzearekin batera, argazki lehiaketako sari banaketari ekingo diote, izan ere, igandean bertan izango da, 12:30ean hasita.
