"Ez dugu onartuko indarkeria matxista pairatu duten emakumeak zuen interes politikoen mesedetan erabiltzea"
Haserre eta batez ere indartsu hartu dute plaza gaur arratsaldean Oreretako Mugimendu Feministak, Amalatzek, Oreretako Bilgune Feministak eta Zirikak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eragile mordoak babestuta atera dira kalera eragile horiek azken asteetan udalerrian salatu diren indarkeria matxista bi auzien inguruko zurrunbiloak derrigortuta.
Oreretako Asanblada Feministaren agerraldia.Imanol Saiz Gomez de Segura Haserre eta batez ere indartsu hartu dute plaza gaur arratsaldean Oreretako Mugimendu Feministak, Amalatzek, Oreretako Bilgune Feministak eta Zirikak. Agerraldi oso jendetsua egin dute dozenaka eta dozenaka emakumek. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eragile mordoak babestuta atera dira kalera eragile horiek azken asteetan udalerrian salatu diren indarkeria matxista bi auzien inguruko zurrunbiloak derrigortuta. Azalpenak ematera atera dira, azkenaldian euren komunitatea astindu duten gertakarien inguruan. Sinesgaitza dirudi; azalpenak nork, eta indarkeria matxista inoiz sufritu duten emakumeen babesgune bakarra den sareak eman behar izatea.
Azalpenak eman aurretik baina EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleari zuzendu dizkiete lehen hitzak, gogor, irmo eta erabateko konbentzimendutik, egiten ari den auzi larrien “instrumentalizazioa” salatzeko. Gorakada betean den “olatu erreakzionarioarekin” bat egitea egotzi dio mugimenduak EAJri “eta patriarkatu zaharkituaren ordezkari guztiei”. Zaku horretan sartu ditu juristak eta kazetariak ere: “Argi eta garbi esaten dizuegu, gezurra esaten ari zarete. Marra gorri guztiak gainditzen ari zarete”. Haserretik eta minetik esan du mugimendu feministak, inoiz ez dela halako moduan erabili indarkeria matxistak eragiten duen mina “norberaren interes politikoen mesedetan”. Harago jo du, eta hauteskunde kanpaina “goiztiar betean” egotea egotzi die, “gezurrak zabalduz eta gure herrietako giroa pozoituz”.
Eskaera garbia egin die: trabak jartzeari utz diezaioten, eta mugimendu feministaren bidetik alde egin dezaten, “emakume bakar batek ere bere burua babestua sentitzeko mugimendu feministara jo behar ez izateko lan serio eta zorrotza egiteko gai ez bazarete”.
Izan ere, hamarkada luzeak daramatza Mugimendu Feministak indarkeria matxistaren sustraiak eta adierazpenak aztertzen, horietan sakontzen,”jurista, legegile eta politikari askok egin ez duten bidea egiten. Orain berriz, gu desprestigiatu, gutxietsi, barregarri utzi eta kriminalizatu egin nahi gaituzte”. Erantzun argia: ez dute onartuko haien joko politikoan sartzea, “ezta gu eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeak zuen interes politikoen mesedetan erabiltzea ere. Aurrez aurre izango gaituzue”.
Udalerrira begira ere jarri dira, eta PPk, PSE-EEk eta EAJk mugimendu feministaren hitzak “lapurtu eta hustu” egin dituztela salatu dute.
Azalpenak
Bi auziak izan dituzte hizpide, Kukai Dantza konpainiako dantzari ezagunarena lehenik. Emakume bati egindako erasoa iritsi zitzaiela kontatu du eragile feministak, eta bilatu gabe, emakume gehiago gerturatu zitzaizkiela, “amorru eta nazka berdinarekin, denek antzeko kontakizunak zituzten”. Emakume haiek erabaki zutela justizia tradizionalean ez salatzea azaldu du ondoren mugimenduak, “epaitegietara ez eramatea, baina bai beste bide batzuetatik geldiaraztea. Erabateko konfidentzialtasunetik, egindakoa onartuz eta eragindako mina aitortuz, prozesu erreparatzailea eta eraldatzaile baterako bidea egitea eskatu zitzaion”.
Hortik aurrera zurrumurru “ankerrak” zabaldu direla herrian barrena adierazi du, mugimendu feminista erasotzailearen konplize izan dela esateraino.
Testuinguru horretan, gainera Kukairen gida batzordeko bozeramailearen gutuna iritsi zen. Horren jokaera gogor salatu du mugimendu feministak gaurko agerraldian, abiatutako prozesuaren oinarriak hausteagatik eta emakumeek eskatutako konfidentzialtasuna apurtzeagatik, “hark erabaki zuen erasoak arinak zirela, jarrera desegokiak baino ez zirela, eta herri osoari laguntza eskatu zion erasotzailearen izena garbi uzteko”. Zuriketa ariketa, eta konfidentzialtasuna apurtzea, horiek egotzi dizkio mugimendu feministak. Horrenbestez, erasotzaileari eskatutako prozesu erreparatzailea ez dela garbia, ez erreparatzailea, ezta zintzoa ere izan ondorioztatu du Asanblada feministak.
Bi kasu ezberdin, sustrai bera
Xenpelar Bertso Eskola izan du hizpide ondoren antolakunde feministak. Bi kasuak ezberdinak izanik, erroa bera dela jarri du lehen lerroan: jendartean errotutako indarkeria matxista. Galdera zuzena bi auzien gainean zurrunbiloa eragin dutenei, erasotzaileei, eta haiek zuritzen saiatu direnei: “Nor gogoratu da erasotako emakumeekin”, eta hausnarketarako beste hau, “Isildu baziren, zergatik isildu ziren?” Erdi-erdian jarri ditu gainera, publikoki gorputza jartzen ari diren emakumeak, “ze ondoriorekin? Emakume guztiak prest al gaude telebistan edo egunkarietan agertzeko eta gure minak jende guztiaren aurrean salatzeko? Zergatik eskatzen zaie haiei erasotzaileei baino gehiago? Erasotuak izan eta zergatik jartzen dituzte jo puntuan?”.
Bere egitekoa argi azaldu du asanblada feministak: “Emakumeok aske izango garen komunitate bat eraiki nahi dugu. Erasotzaileak baztertuko dituen komunitate bat, erasotako emakumeek erasotzaileek sortutako deserosotasunak baino garrantzia handiagoa izango duten komunitate bat”.
Errenteriako Udaleko gobernu taldeaz ere mintzatu da mugimendu feminista. Aitortu dio erasoak jasandako emakumeen eskaerak errespetatu eta nahien arabera jokatu izana, “garrantzitsua izan da”.
Hedabideen jokaera ere hizpide izan dute eta komunikabide hegemonikoen “zabartasuna” ekidin eta kazetaritza feministatik emakumeak errespetatu eta babestu dituzten kideak direla horietan jarri dute nabarmen, “gu ere babestu gaituzte; ez duzue zurrunbilo mediatiko hau elikatu”. Guztiei mezu bat gaurko agerraldian, “denak ez du balio albiste baten truke”.
Ahaztu ezin daiteken beste arlo bati erreferentzia gaurko agerraldi jendetsuan, familien samina, “inork ezin digu eskatu, ez guri, ez kaltetutako emakumeei, guk kudea dezagun erasotzaileek eragindako kaltea. Nork bere erabakiak eta ardurak har ditzala”.
Hamarkada luzeetan izan duen konpromisoa berretsi du, bestalde: erasoak jasaten dituztenei laguntzea, entzutea eta babestea, “berdin jokatuko dugu ohiko justiziara jotzea erabakitzen dutenekin, justizia molde horrekiko mesfidati direnekin, kalean salatzea erabakitzen dutenekin, edota bestelako bideak aukeratzen dituztenekin”.
Xenpelar Bertso Eskolaren testuinguruan izandako eraso matxistak salatzeko egindako elkarretaratzean egin moduan, gaur ere eskerrik beroenak eman dizkio Oreretako Mugimendu Feministak erasoak berriro errepika ez daitezen salaketa egin duten emakume eta neska gazteei, “mila esker erasoak salatzera ausartzeagatik. Zuek emandako urratsak erasotzaileen inpunitatearekin bukatu eta indarkeria matxistari aurre egiteko indarra dira guziontzat”.
Bideoa Imanol Saiz Gomez de Segurak egina da.
Agerraldia babestu duten eragileak
Abadiñoko Talde Feminista
– Aiaraldeako Gazte Feministak
– Aiaraldeko Mugimendu Feminista
– Aizan Izalgo Talde Feminista
– Algortako Mugimendu Feminista
– Altsasuko Feministak
– Amurrioko Emakumeon* Sarea
– Aretxabaletako Erdu Talde Feminista
– Arrasateko Gazte Feministak
– Arrasateko Mugimendu Feminista
– aSUnak
– Aulestiko Mugimendu Feminista
– Azpeitiko Feministan Sarie
– Amantalak Elgetako Talde Feminista
– Andoaingo Mugimendu Feminista
– Andramanuelak Antzuolako Talde Feminista
– Bargastak
– Baztango Plazara Dantzara Taldea
– Bergarako Martxanterak
– BerHeziz
– Berrizko Azeri Gorriak
– Berrizko Mugimendu Feminista
– Bizkaiako Emakumeen Asanblada
– Asamblea de Mujeres de Bizkaia
– Bilbo Feminista Saretzen (BFS)
– Bilboko Koordinadora Feminista
– Durangoko Autodefentsa Feminista Asanblada (DAFA)
– Dominika Zaldibarko Talde Feminista
– Donostiako Asanblada Feminista
– Donostiko Sardiñerak
– Eiki – Emakume Askeak
– Enbata. Busturialdeko Gazte Feministak
– Erraustu. Ibaetako Ikasle Feministak
– Errotik – Errotxapeako Gazte Feministak
– Eskoitzako Mugimendu Feminista
– Euskal Herriko Bilgune Feminista
– Euskal Herriko Gazte Feministak
– Feministalde
– Garaipen
– Gasteizko Mugimendu Feminista
– Gazteluko Berdintasun Batzordea
– Goldatz Berako Talde Feminista
– Harramazka
– Harrotzen
– Haziak. Algortako Gazte Feministak
– Hernaniko Koordinadora Feminista
– Intziri – Irunberriko Talde Feminista
– Iruntzen Lezoko Emakume Taldea
– Iruñerriko Asanblada Feminista
– Iturramako Ikasle Feministak
– Izarbeibarko Asanblada Feminista
– Kalamiak. Bilboko Alde Zaharreko Talde Feminista
– Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista
– Lautadako Mugimendu Feminista
– Lizarraldeko Mugimendu Feminista
– Marasmia Eibarko Talde Feminista
– Marienea Elkartea
– Matraka
– Morelarre Markina Xemeingo Talde Feministie
– Morroxkak
– Munduko emakumeak
– Mujeres del Mundo. Babel
– Mutrikuko Mugimendu Feminista
– NUPeko Ikasle Feministak
– Oiartzungo Feministen Asanblada
– Oñatiko Sare Feminista
– Orioko Mugimendu Feminista
– Ozpindduek. Durangoko Gazte Feministak
– Pikarraituz
– Portugaleteko Mugimendu Feminista
– Sakanako Mugimendu Feminista
– Sorginen alabak. Plentziako Gazte Feministak
– Sugarri. Sopelako Gazte Feministak
– Sutan Baionako Kolektibo Transfeminista
– Tolosaldeko Gazte Feministak
– Traka. Andoaingo Gazte Feministak
– Ukatu. Uribe Kostako sexu-genero disidenteen asanblada
– Usurbilgo Gazte Feministak
– Zaintza Ehuntzen LTF
– Zumaiako Mugimendu Feminista
– Zutitzen. Errekaldeko Emakumeen Elkartea
