Jendaurrean artistikoki biluzteko hautua egin du Orratx!-ek
‘Gaueko hitzak’ lan berria estreinatuko du herriko antzerki taldeak bihar (larunbata) eta etzi Gezala Auditoriumean. Jurgi Sarasolaren testuari ekarpen sakona egin diote aktoreek.
Orratx!-en lantaldea, entsegu batean.Orratx! Urtero moduan, eta ikasturtea bukatzear denean, obra berria estreinatuko du Orratx! Antzerki Taldeak. Gaueko hitzak da proposamen sortu berriaren izena, eta lehenengoz bihar (larunbata) eta etzi ikus-entzun ahal izango da Gezala Auditoriumeko emanaldi bikoitzean. Bi egunetan 19:30ean hasiko dira Orratx!-eko zazpi aktoreak lana defendatzen, eta sarrerak Lezoko Udalaren sarrerak saltzeko webgunean dira salgai zortzi euroan.
Jurgi Sarasola lezoar gaztearen testuan oinarrituta, Lierni Fresnedok gidatu ditu asteburu honetarainoko bidean taldeko zazpi antzezleak: Mertxe Larrea, Leire Agirre, Edurne Agirrezabala, Begoña Azpiazu, Nahikari Gaztelumendi, Amaia Herrero eta Joseba Salaberria dira. Haien konplize dira askotariko lan ikusezinak egin dituzten «hurbilekoak», oholtzaren gainean agertzen direnek baino gehiagok osatzen dituztelako antzerki taldeak, eta horren prestaketan beharrezko diren guztiak agian hain entzutetsu ez diren pertsonek egiten dituztelako. «Haiei esker ere jarraitzen dugu aurrera», esan dute taldekideek. Lezoko Udalari ere eskerrak eman dizkiote taldea laguntzeagatik, eta oro har arte eszenikoekiko duen interes eta hurbiltasunagatik.
Fresnedo zuzendariarekin eta Agirrezabala antzezlearekin izan da Hitza. «Kristal pila bat dituen errealitate antzekoan dago oinarrituta obra. Gizartearen isla da, denetik du. Komedia, tragedia, umorea, absurdua… Dena sartu dugu kokteleran», zehaztu du Agirrezabalak. Aktore denek dute protagonismoa esketx bidezko segida batean. «Gure bizitzan, buruan zerbaitek klik egiten digunean, aldaketa sinple edo sakonak izaten ditugu. Hortaz ariko gara obran», esan du Fresnedok. Sarasolaren testua da oinarria, baina aktore guztiek beretik asko eman dutela esan du Agirrezabalak: «Jurgik freskotasun asko eman digu. Eta pertsonaien testuak oso hurbilak dira. Jendaurrean biluzteko aukera emango digu obrak, eta antzerkiaren klabeetako bat da hori: norberetik ateratzen dena kontatzeak zirrara berezia sortzen du».
Bi egunak
Bi egunez segidan obra berbera interpretatzeaz iritzia dute Fresnedak eta Agirrezabalak. «Obraren oinarria bai, berbera da. Baina bi egunetako emanaldiak ez dira berdinak izango. Antzerkia halakoa da, bizirik dagoen prozesua da. Hor gertatzen dena behin errepikatuko da publiko horrekin».
Inurriak dituzte urdailean. Orratx!-ekoek aitortu dute lehen egunean oso urduri izango direla, eta bigarrenean lasaixeago. Publikoa aldeko dute, eta hori gozagarri dela esan dute, «badago enpatia-edo». Irribarre batekin sartu ohi dira ikusleak Orratx!-en estreinaldietara, eta taldekideek desio dute, nahiz eta Gaueko hitzak-en tarte latzak izango diren, irribarre zabalagoarekin irtetea publikoa antzokitik. Entseguak oso ondo joan direla esan du Fresnedok, «oso ondo moldatu dira aktoreak. Orain oholtzan hegan egitea tokatzen zaie».
