PPAk portuko edateko uraren kudeaketa digitalizatu du
Pasaiako Portu Agintaritzak portuko edateko uraren kudeaketa optimizatu eta digitalizatzeko jarduerak bukatu ditu. Jarduketetarako 1.520.000 euroko inbertsioa egin du.
Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) portuko edateko uraren kudeaketa optimizatu eta digitalizatzeko jarduerak bukatu ditu. Jarduketetarako 1.520.000 euroko inbertsioa egin du portuak, eta hornidura sarea sektorizatzeko proiektuak modernizatzea eta sarearen egoera denbora errealean ezagutzea ahalbidetuko du.
Sasoi Eraikuntzak S.L. enpresak egin ditu obrak, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu dira, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Jarduketa horiekin zuntz optikoko sare berri bat zabaldu da portuan, edateko uraren hornidura monitorizatu eta digitalizatzeko behar diren komunikazioetarako euskarri izango dena. Horrez gain, azpiegitura horri esker, etorkizunean beste kudeaketa eta kontrol sistema batzuk txertatu ahal izango direla jakinarazi du PPAk.
Lanak, nagusiki, portuko hiru eremutan egin direla zehaztu du PPAk: Herreran, Molinaon eta Lezon. Portuaren arabera, jarduketaren helburua izan da hornidura sarea maila moduan zabaltzea, portu jardueran ohikoak diren kontsumo gailurren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko, eta digitalizazio sistema bat ezartzea, sarearen egoera une oro ezagutzeko eta ihesak errazago detektatzeko. Sarea osatzeko, hodi tarte berriak, eremu sentsoreak, presio eta emari neurgailuak eta balbula motordunak instalatu dira.
Informazio guztia PPAn ezarritako SCADA sisteman txertatuta dagoela baietsi du portuak. Aplikazio hori zentralizatua da, eta ura banatzeko sare osoa urrunetik gainbegiratzea eta kudeatzea ahalbidetuko du. Tresna horri esker, PPAk denbora errealean monitorizatu ahal izango du instalazioen funtzionamendua, gerta daitezkeen gorabeherak detektatu eta urrunetik jardun, zerbitzu segurua eta eraginkorra bermatzeko.
“Prozesuak digitalizatzea da gure jarduera eremu estrategikoetako bat. Proiektu hau horren adibide da, sare hidraulikoaren emarien, kontsumoen eta presioen egoera urrunetik kontrolatzeko eta monitorizatzeko aukera emango baititu”, adierazi du Izaskun Goñi PPAko presidenteak.
PPAren arabera, proiektu honek jarraipena emango dio portuko hornidura eta saneamendu sistemak berritzeari. Jarduketa horiek Lezoko kaian jariatze urak tratatzeko lanekin hasi ziren, eta horiek ere Europar Batasunetik datozen Espainiako Gobernuaren funtsekin finantzatu ziren.
