Zaintza larrialditik ateratzeko
Greban diren Gipuzkoako zortzi erresidentzietako ELAko langileek protestekin jarraitzen dute. Prekarietatearen aurkako martxaren etapa Errenteria-Oreretatik abiatu dute gaur goizean, Donostiaraino.
Erresidentzietako ELAko langileen martxa. Larrialdi betean da zaintza, eta hori egunero ari dira agerian jartzen borrokan diren Gipuzkoako erresidentzietako langileak. Borrokaldi horretan urrats bat gehiago egin dute ELAko langileek, eta prekarietatearen kontrako martxa abiatu zuten asteazkenean.
Hiru egunetan egingo dute, gaur dute azkena, eta gaurko hori Errenteria-Oreretatik abiatu, eta Donostian bukatuko dute. Oinez egiten ari dira euren borroka ikusgarri egiteko. Herriko Plazatik abiatu dira langileak 09:30ean eta Donostian Villa Sakramento egoitzan egingo dute geldialdia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpoaldean bukatu.
Eskaerak, ondokoak: %100eko kontratuak; soldata arrakala ezabatu eta plantilla handitzea, eta lan karga arintzea. Finean, zaintza duina bermatzeko, oinarri-oinarrizko lan baldintza duinak bermatzea.
Martxaren bidez gatazka desblokeatzeko presioa areagotzea dutela helburu azaldu du ELA sindikatuak, eta bide horretan, greba egun gehiago deitu dituela jakinarazi du, halaber. Hiru greba egun horiek, martxa egin bitartekoak izan dira, hau da asteazkenetik hasi eta gaur arte.
