Hibaikak bi eskifaiak aurkeztuko ditu ostegunean
EMKE Banda omenduko du aurten kirol elkarteak, baita Iztieta-Ondartxoko auzo elkartea eta bizilagunak ere. Euskotren Ligan eta KAE 1 Ligan ariko diren arraunlariak aurkeztuko ditu elkarteak, jendaurreko ekitaldian.
Hibaikako arraunlariak Duintasuna elkarteko kideekin iazko aurkezpenean. Traineru sasoia ate joka da. KAE1 eta 2 zein ETE ligek asteburuan hasiko dute arraun lehia, eta Euskotren eta Eusko Label ligek berriz, hileko azken asteburuan. Hori horrela, urteroko hitzordua egin du Hibaika Arraun Elkarteak ostegunean, emakume eta gizonen traineruetan ariko diren arraunlariak jendaurrean aurkezteko. EMKE Banda, Errenteriako Musika Banda omenduko du aurten kirol elkarteak.
Hibaikako zuzendaritzak jakinarazi duenez, “esker ona” eta “miresmena” adierazi nahi diote aitortzaren bidez musika bandari, “hamarkadaz hamarkada Errenteria-Oreretari eman diona eskertzeko. Haien erritmora eta haiekin harmonian bere egiten duten herri kohesionatua eraikitzeko ametsa gure egiten dugu Hibaikan ere. Bideak hainbatetan elkartu gaitu, eta ziur gara, etorkizunean ere, bidea partekatzen jarraituko dugula”.
Herriko arraun elkarteak bere egoitza berritzeko lanak ere hizpide izan ditu; denboraldi zaila suertatu dela arraun taldearentzat aitortu dute, baina jakitun dira, halaber, lan horiek eragina izan dutela Iztieta-Ondartxoko Gurekin auzo elkartearengan zein auzo horretako bizilagunengan. Hori horrela, horiei ere esker ona adierazi nahi diete, “erakusten ari diren pazientzia eta enpatiarengatik”. Ziur azaldu dira, gainera, egoitza berrituta, ziklo berri batean murgilduko dela elkartea ere.
Hori aintzat hartuta, erraza da irudikatzea aurtengo aurkezpena egiteko aukeratu duten espazio publikoa ez dela ausazkoa izan. Izan ere Iztieta auzoko Diputazio plaza bilatu du Hibaikak urteko hitzordu garrantzitsuenetariko baten agertokia. Plaza horretan aurkeztuko ditu arraunlariak eta herritar gutziak deitu ditu bertaratzera, “gure arraunlariei babesa emateko”. Marea beltzari erreferentzia puntu horretan, “ezinbestekoa dela haren hauspoa” aitortzeko, eta horretara deitzeko, “zaleen beharra sumatzen dugu, arraunlariek gogoz hartzen dituztelako animoak estropadaz estropada”.
Konpromisoa aurten ere arraun elkarteak udalerriaren izena lau haizetara zabaldu eta arraunaren gorenera eramateko, Euskotren Ligan, zein KAE 1 Ligan.
Hitzordua etzi, osteguna —hilak 18— 19:00etan Diputazio plazan. Musika Bandak girotuko du aurkezpena, eta pintxo dastaketa ere ez da faltako.
