Pasaiako emakume sortzaileak kalera aterako dira larunbatean
Bekoz Beko elkarteak Pasaiako Emakume Sortzaileen IV. Azoka egingo du larunbatean Antxoko Biteri plazan, 11:00etatik 14:00etara.
Bekoz Beko elkarteak Pasaiako Emakume Sortzaileen IV. Azoka egingo du larunbatean (hilaren 20an) Antxoko Biteri plazan, 11:00etatik 14:00etara. Azoka hori Bekoz Bekoko jardueretan parte hartzen duten emakume artisau eta sortzaileek egindako lanen erakusketa bat da. Elkartearen helburua da “emakumeak ikusaraztea eta emakumeen talentuari lekua, presentzia eta indarra ematea”.
Larunbateko azokan hainbat diziplinatako sortzaileek egindako lanak erakutsiko dituzte: joskintza, eskulanak, koadernaketa, bisuteria, osagarriak eta beste teknika batzuk. Hauexek dira parte hartuko duten emakume sortzaileak: Maribi Anton, Cristina Agirrebeña, Emi Pazos, Sara Sanchez, Julia Prada, Joana Bulman, Maialen Leibar, Itxaso Bueno, Mari Mar Estevez, Eva Rodriguez, Mertxe Enrique, Naiara Abarquero, Sofia Herbon, Udane Cruz, Leire Yañez, Marga Edeso eta Bekoz Beko elkarteak antolatutako sormenezko joskintza tailerrean parte hartzen duten emakumeak.
Azokaz gain, Maribi Antonekin lore prentsatuen tailerra eta Sara Sanchezekin sormenezko birziklatze tailerra egingo direla aurreratu du Bekoz Bekok.
