San Pantaleon eguna prestatzen ari dira Donibanen
Uztailaren 27an sardina postua jarri ahal izango dute herriko kuadrillek. Eskaerak aurkezteko epea hilaren 22tik uztailaren 3ra bitartean izango da.
Uztailaren 27an San Pantaleon eguna ospatuko da, eta ohikoa den moduan, Donibanen sardina postua jarri ahal izango dute herriko kuadrillek. Eskaerak aurkezteko epea hilaren 22tik uztailaren 3ra bitartean izango da, biak barne, eta kuadrillek E051 inprimakia aurkeztu beharko dute Pasaiako Udalaren erregistroan (Arizabalon) edo udalaren online tramiteen atarian.
Postua jartzeko eskaeran honako datuak jaso beharko dira: eskatzailea nor den, postuaren kokaleku zehatza zein den, zer material behar duten eta zenbat sardina kutxa nahi dituzten. Eskatzaile bakoitzak, gainera, ikatz kutxa bat jasoko du.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, izena eman duten kuadrillen artean zozketa egingo da, eta bi kuadrilla aukeratuko dira San Pantaleon egunean sardinak banatzeko. Hautatutako bi kuadrillek arduradun bana izendatu beharko dutela adierazi du Donibaneko Jai Batzordeak.
Jai batzordeak nabarmendu du hilaren 22tik uztailaren 3ra bitartean izena ematen ez duten kuadrillak ez direla banaketa zerrendan sartuko, eta, beraz, ez dutela sardinarik jasoko.
