Prest dira herritarrak Xanistebanetako sokatirarako
Abuztuaren 3an izango da Xanistebanetako sokatiraren 38. edizioa. 30 emakume inguruk hartuko dute parte aurtengo hitzorduan.
Abuztuaren 3an izango da Xanistebanetako sokatira txapelketaren 38.aldia, eta antolatzaileek jakinarazi dute dagoeneko parte hartzaileak entrenatzen ari direla egun handirako.
Diotenez, maiatzaren bueltan egin zituzten lehen entrenamendu saioak, eta hala jarraituko dute abuztuaren 3a iritsi bitartean.
Kontatu dutenaren arabera, iaz neskak taldeak auzoka osatzeko lana egin zuten, eta aurtengoan auzo batzuk bertako neskekin osatzea lortu badute ere, “zaila da oraindik auzokoez erabat osaturiko taldeak sortzea”. Hori horrela, emakume guztiek elkarrekin entrenatu dute, eta behin ziurtasunez zenbatek parte hartuko duten jakitean egin dituzte taldeak.
Emakumeak, lau taldetan
Aurreratu dute abuztura bitartean elkarlanean entrenatzen jarraituko dutela, eta izena eman duten 30 emakumeak lau taldetan banatuta ariko direla tiraka.
Alabaina, oiartzuar edota Oiartzunen bizia egiten duen pertsona oro gonbidatu dute taldeetan parte hartzera; “sokatirarako interesa izan baduzu noizbait, esku zabalik hartuko zaituzte”.
Mutilen kasua, baina, bestelakoa da, hasieratik auzoka egiten baitute lan. Alegia, auzo bakoitzak kudeatzen du bere taldea, eta norbere kabuz egiten dituzte entrenamenduak. Urte luzez talderik izan gabe egon ondotik, iaz Elizaldek osatu zuen taldea, eta, beraz, zortzi talde aritu ziren iaz: auzo bakoitzeko talde bana. Aurtengoan ere hala ariko dira.
Azkenik, antolatzaileek Xanisteban egunean herritarrak Madalensoro pilotalekura bertaratzera deitu dituzte.
