Atlantikaldiaren 'Uhinak' mugak gainditzera datoz
Macaco, Baiuca, La Mòssa, Les Frères Smith, Selma Uamusse, Sedientos de Cumbia, Carla Delgado eta Nhil, 11. Atlantikaldian entzungo denaren aurrerapena.
Atlantikaldiaren aurkezpena. Macaco, Baiuca, La Mòssa, Les Frères Smith, Selma Uamusse, Sedientos de Cumbia, Carla Delgado eta Nhil ariko dira Atlantikaldiaren barruan; horiek lehen baieztapenak, ez bakarrak, ordea, aurrerago kartela osatuko duten talde gehiago helduko dira. Aurtengo leloa, Uhinak eta izen horren pean jaialdiak Errenteria-Orereta musika, kultura eta hizkuntza artistikoen topagune bihurtuko du berriro, irailaren 17tik 20ra.
Atlantikaldiak 11. ekitaldia du aurten, eta gaur eman dituzte lehen zehaztasunak Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Laura Landa Kultura teknikariak, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sustapenerako zuzendariak eta Karmele Segura Laboral Kutxako komunikazio arduradunak Lekuona Fabrikan egindako agerraldian. Errenteriako Udalak antolatuta, Atlantikaldiak musika, kultura eta hizkuntza artistikoen topagune bihurtuko du berriz ere herria. Uhinak leloa itsasoari begira dagoen, baina hortik harago doan kontzeptua: soinua, mugimendua, energia, transmisioa eta oihartzun partekatua bezalako uhinak.
“Uhinek ez dute mugez ulertzen: bidaiatu egiten dute, eraldatu egiten dira eta erresonantzia sortzen dute iristen diren lekuan. Hori da Atlantikaldiaren funtsa ere”, adierazi du Aizpea Otaegi alkateak. “Errenteria entzuteko eta elkar-topatzeko lekua izango da berriro ere, kanpotik datozen musika eta kulturak hemen jaiotakoekin elkarrizketan aritzeko”.
Aurkezpenean zehar aurtengo edizioaren irudiaren berri ere eman dute, Nereak —Miss Bermi— eta Lisak —Keaideke— artistek elkarlanean sortua, jada ohitura den bezala, edizioko lehen kolaborazio edo Itsas Elkarrizketa gisa.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak jaialdiaren izaera kolektibo eta kolaboratiboa azpimarratu ditu: “Atlantikaldia ez da agertokietatik bakarrik eraikitzen. Kultur eragile, elkarte, sortzaile eta herritarrekin ehuntzen da. Inplikazio horrek ematen dio benetako zentzua jaialdiari”. Urtero aitortza egiten dio udalak eragileen parte hartze eta ekarpen horri.
Atlantikaldiak bere ohiko agertokiak mantenduko ditu: Itsasargi Nagusia Agirre Lehendakariaren Plazan, Herriko Plaza plazan, Kalekaia Panier orubean eta Herrixka Foruen Plazan. Horiei Errenteriako ibaia, kaleak eta beste hainbat txoko gehituko zaizkie, eta jaialdiaren ibilbidearen parte izango dira berriz ere.
Laura Landa Kultura teknikariak programazioak jatorri, estilo eta sentsibilitate anitzak uztartuko dituela berriz ere adierazi du. Eta dagoeneko parte hartzea baieztatu duten artistei errepasoa egin die. Nazioarteko, estatuko eta tokiko proposamenak biltzen ditu aurrerapenak. Frantziatik La Mòssa iritsiko da, polifonia, perkusioa eta musika herrikoien berrinterpretazio garaikidea oinarri hartuta lan egiten duen emakumezko ahots-formazioa. Frantziatik ere Les Frères Smith; afrobeat, jazz, funka eta etiopiar inspirazioko groove-ak nahasten dituen kolektibo paristarra.
Galiziatik helduko da Baiuca, musika elektronikaren izen ezagunenetakoa, galiziar tradizioa eta abangoardiako soinuak uztartzen dituen proposamenarekin. Horiez gain, Selma Uamusse ere arituko da, Portugalen bizi den mozambiketar jatorriko artista, erritmo afrikarrak, soula, jazza, rocka eta elektronika uztartuz.
Macaco ere ariko da, “Bartzelonatik datorren estatuko musika mestizoaren erreferenteetako bat, rumbari, reggaeari, erritmo latinoei eta konpromiso sozialari lotutako ibilbidea duena”, azaldu du Landak. Festa Sedientos de Cumbiaren eskutik helduko da, cumbia dantza eta ospakizun gune gisa aldarrikatzen duen Iruñean jaiotako proiektua. Kartela osatzeko, lehen aurrerapen honetan, Carla Delgado abeslari eta konpositoreak popatik begirada sentikor eta garaikidea emango du, eta Nhil Aretxabaletako taldeak, berriz, pop organiko, soul eta R&B doinuak uztartuko ditu.
Landaren esanetan, “lehen aurrerapen artistiko honek oso ondo islatzen du Uhinak leloaren ideia: proposamen bakoitzak bibrazio desberdin bat dakar, musika, gorputzak eta topaketa ulertzeko modu propio bat”. Kontzertuez gain, sormenaren, parte hartzearen eta diziplinen arteko elkarrizketaren aldeko apustuari eutsiko dio jaialdiak.
Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendariak Atlantikaldiaren gertuko izaera nabarmendu du: “Atlantikaldia jaialdi berezia da, herritik sortzen delako eta herritarrekin batera egiten delako. Musika eta kultura kalera ateratzen ditu, eta Errenteria topagune bihurtzen”.
Palenciaren esanetan, “aurtengo Uhinak leloak ondo azaltzen du jaialdiaren espiritua: kultura mugimenduan dago, pertsonen artean zabaltzen da eta leku batetik bestera joaten da. Atlantikaldiak aukera ematen digu beste musika, hizkuntza eta begirada batzuk ezagutzeko, baina baita gure inguruan sortzen denari balioa emateko ere”.
Bestalde, Karmele Segura Laboral Kutxako komunikazio arduradunak nabarmendu du oso garrantzitsua dela hurbiletik sortu eta komunitateari irekitzen zaizkion kultura proiektuak laguntzea. Zentzu horretan, Laboral Kutxaren babesak kultura ulertzeko modu partekatu bati erantzuten diola azaldu du: topaketarako, elkarbizitzarako eta parte hartzerako tresna gisa. “Atlantikaldia babestea pertsonak, hizkuntzak, musikak eta sentsibilitate ezberdinak lotzen dituen proiektu bati laguntzea da”, esan du. “Gure hurbiltasun, komunitate eta lurraldearekiko konpromiso-balioekin erabat bat datorren hitzordua da”.
