Auzo-konpostaren sasoia ixteko, jolasa eta batzarra
Hilaren 22rako (astelehena) haur eta familientzat pista jolasa, eta informazio eta jarraipen batzarra antolatu dituzte.
Lopeneko auzo-konposta gunea. Auzo-konpostaren sasoia bukatzear da. Noski, etenik gabe egin beharreko lana da etxeko hondakin organikoak gune komunitario horietara eramatea. Baina urtero bezala, Lezoko Udalak bukatzear den ikasturtearen balantzea egin nahi du, eta hurrengo sasoira begira jarri. Horretarako bi jarduera antolatu ditu hilaren 22rako (astelehena): 16:30etik, eta Lopeneko auzo-konpostagailutik hasita, herriko haur eta familiei begirako pista jolas dinamikoa egingo da; ondoren, 18:30ean, urteroko hitzaldi edo batzarra jasoko du Kultura Aretoak. “Urtez urte helburu berriak eta partaidetza sendoago du auzo-konpostaren egitasmoak herrian”, zehaztu du udalak. Bi ekintzak bitartean auzo-konpostaren gaineko informazioa jasotzeko nahiz izena emateko aukera izango dute hala nahi dutenek.
Asteleheneko jardueren xehetasunak eman ditu udalak. Hala, pista-jolasaren bitartez konpostak dituen onurak, bitxikeriak eta informazio interesgarria landu nahi da gazteenekin. Aldi berean, herriko bost auzo-konposta guneen funtzionamendua ezagutzeko aukera izanen da. Lopenen, Altamiran, Andreonen, Arretxenen eta Aralar kalean daude gune horiek.
Ondorengo batzar edo hitzaldian, urtean zehar egindakoen lanak aurkeztu, aurrerapenak zerrendatu, eta erabiltzaileen ekarpen eta proposamenak bilduko dituzte. Horrela egitasmoak oinarri sendoagoak izango dituela azaldu du udalak. Hala, nahiz eta udalak urtean zehar konposta-guneen jarraipena egin Vermican enpresaren laguntza teknikoarekin, sasoian zehar egindako hori jendaurrean jartzeari garrantzia eman nahi dio udal erakundeak.
Lezoko Udalak eskerrak eman dizkie auzo-konpostaren egitasmoan dabiltzan herriko familiei: “Hondakinen kudeaketa iraunkorra lortzeko bidean auzo-konpostak aurrera jarraituko du eta, horretarako, ezinbestekoa da herritarren inplikazioa”.
