Soldata izoztu dietelako, mobilizazioekin hasiko dira Lezoko Udaleko langileak
Lehen mobilizazioa bihar (hilak 19, ostirala) egingo dute udaletxearen parean.
Lezoko Udaleko langileek mobilizazioei ekingo diete, “2026ko soldata izoztu du EH Bilduko udal gobernu taldeak”, esan dute. Protestetatik lehena biharko (hilak 19, ostirala) 10:30ean egingo dute udaletxearen parean, “bizitzen ari garen egoera salatzeko”. Langileek oharrean azaldu dute prentsaren eta udal aldizkariaren bidez iragarri zuela udal gobernuak soldaten izoztea, “udal taldeak ez zuen bilerarik egin langileekin aurreko urtean erabakia hartu zuenean, ez aurten izoztea indarrean jarri zenean ere. Oraindik ere ez digu izoztearen jakinarazpenik egin”.
Langileen ustez izozteak ez du justifikaziorik. Azaldu dutenez, 2025ean udalak bi milioi euroko soberakina izan zuen, “baina gobernu taldeak egoera ekonomiko larrian oinarritu du izoztearen beharra”. Gainera, udal agintariak “lege urraketa” bat egiten ari direla uste dute beharginek: “Estatuko gobernuak langileentzako aurreikusitako soldata igoerak ez dituzte aplikatuko”.
Soldata izoztearen gaia langileen borrokaldirako ardatz nagusia bada ere, langileek azaldu dute “lan arloan eztabaidagarri izan daitezkeen langileen kudeaketa” egiten duela udal gobernuak.
