"Nire asmoa da memoria ez galtzea eta errekuperatzea"
Eduardo Laboa sanjuandarrak 'Nire ametsetako leku txikia' liburua idatzi eta gaur aurkeztuko du Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan. Donibaneri eskaini dio liburua, eta herriko istorio mordoa jaso ditu bertan.
Eduardo Laboa Calafel sanjuandarrak Nire ametsetako leku txikia liburua idatzi eta gaur (osteguna) aurkeztuko du Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan. Laboak Donibaneko herriari eskaini dio liburua, eta herriko istorio mordoa jaso ditu bertan. 300 ale argitaratu ditu, eta salgai egongo dira aurkezpenean.
Zer jaso duzu Nire ametsetako leku txikia liburuan?
Gaztetatik asko idatzi dut. Erretiroarekin denbora gehiago dut, eta egunero idazteko ohitura hartu dut. Nik niretzako asko idazten dut, eta buruan familiaren historia kontatzea nuen. Familia arrantzalea zen. Asmo horrekin zerbait egin nahi nuen, bizitza hori errekuperatzeko. Ez bakarrik gure etxekoa, baizik eta Donibanekoa, arrantzalea izan baita beti. Gero eta arrantzale gutxiago daude, eta lehen asmoa izan da Donibaneko istorioak kontatzea, tartean arrantzaleen bizitza errekuperatuz.
Bitartean idazten egon naiz, istorioak jasotzen. Nire asmoa zen horiek jaso eta gordetzea. Gutxika istorio horiek publikatzen joan nintzen lagunen artean eta Facebook bidez. Istorio horiek astean hirutan zabaldu eta publikatu ditut. Egun batean, lagunek liburu bat idaztera animatu ninduten. Donibanen emakume bat ezagutu nuen, liburuaren ideia komentatu nion eta lagunduko ninduela esan zidan. Iazko udan jubilatuen aretoan idatzi eta argazki guztiak banan-banan ikusten joan ginen, horiek aukeratuz. Genituenetatik erdia hartu genituen, 800 inguru. Ondoren, lauko talde bat sortu genuen, eta aukeratutako piezak aztertu genituen, Donibaneko herria ardatz hartuta horiekin zerbait egiteko. Horrekin aurrera joan gara, eta jendeak asko lagundu nau.
Hortaz, liburua familiari eta Donibaneri eskaini diezu.
Nik edozein gairen inguruan idazten dut. Donibaneri dagokionez, jaien, kirolen edota lehengo ohituren inguruko istorio txikiak kontatu ditut. Horiek ere liburuan sartu ditut. Nik ere aspalditik poemak egiteko ohitura dut. Poesia asko gustatzen zait. Memoria jasotzeko eta omenaldi gisa egiten ditut poemak. Nire asmoa da memoria ez galtzea eta errekuperatzea. Elizatik Alde Zaharrera bitartean bizi den jendea heldua da, eta horien istorioak jasotzen saiatu naiz.
Herriko memoria jaso eta istorioak azaleratu nahi izan dituzu, ezta?
Donibanen gauza bereziak gertatu dira. Kirolean eskubaloia oso garrantzitsua izan da. Arraunaz zer esan. Gu ere futbolean urte askoz aritu ginen. Txurro denda bat ere bazegoen, mataderoa, harategiak, denda zaharrak… horiek ere sartu ditut liburuan. Egongo dira herritarrak istorio horiek ezagutzen ez dituztenak, eta helburua da horiek jaso eta kontatzea. Donibanen ere gaueko eskola bat zegoen. Gaur egun hori desagertuta dago, eta jende askok ez du hori ezagutuko. Horiek guztiak poliki-poliki jasotzen joan naiz, eta beste batzuk ere hor egongo dira oraindik, gauza asko baitaude kontatzeko. Arrantzarekin ere jarraitzen dut, eta asmoa dut geratzen diren arrantzaleekin biltzeko beren istorioak jasotzeko. Poesia egiten ere jarraitzen dut, eta poema asko gordeta dauzkat.
Nondik dator liburua sortzeko ideia? Zer eragin nahi izan duzu jendearengan?
Nik gauza asko idatzita nituen. Nik ez dakit nola editatzen den liburu bat, eta lagunei esker aurrera eraman dut. Nik bakarrik ez nuen aterako. Liburu honek bihotz asko ditu. Argazkiekin, zuzenketekin edota itzulpenekin lagundu didate. Hizkuntzari dagokionez, testu batzuk euskaraz hartu ditugu eta beste batzuk gaztelaniaz. Denen artean egin dugu. Hau idatzia dago eta ea zein bide egiten duen. Hau sanjuandarrentzat da, bertako istorioak jaso baititut.
Liburuaren portadako protagonista Juanba Berasategi da. Oso harreman estua genuen familiarekin. Berasategiri omenaldi txiki bat egin nahi izan diot, eta emazteari argazkiak eta materiala eskatu nizkion. Omenaldia hor dago, eta poema batzuk ere eskaini dizkiot.
