Hilaren 24an, Pasaiako Saregileen batzar irekia
Pasaiako Emakumeen Aholku Kontseilu berriari ekarpenak egin nahi dio Pasaiako Saregileak mugimenduak.
Saregileen aurreko batzar batenb artxiboko irudia da honakoa. Pasaiako Emakumeen Aholku Kontseilu berriari ekarpenak egin nahi dio Pasaiako Saregileak mugimenduak. Horregatik, hilaren 24rako (asteazkena) batzar irekia antolatu du, 18:30erako, Antxoko Kultur Etxean. Hala, Saregileek kontseilu horren sorreran ea garapenean ekarpena egin nahi du, eta horretarako prestatu duen edukia jendaurrean aurkeztu, eta herritarren ekarpenak, ideiak eta ahotsak jaso nahi ditu. “Pasaia espazio segurua izatea nahi dugu. Erasoen aurrean erantzun sendoa artikulatu behar dugu, eta tokiko politika feministak oinarritik diseinatu, guztion parte-hartzearekin”, adierazi dute: “Euren indarkeria eta isiltasunaren aurrean, gure antolakuntza. Zure zain gaude”.
Oarsoaldean berriki jakinarazi diren indarkeria kasuen gaineko iritzia eman dute Pasaiako Saregileek. Haien arabera, horiek ez dira kasu isolatuak, “inguratuta gaude”. Kasu horiek egitura patriarkalek eta botere-dinamikek ahalbidetzen dituztela uste dute, “eta zigorgabetasun osoz jarraitzen dute gure herrietan”.
“Erasotzaileak babestu eta biktimak babesgabe zuten dituen konplizitate instituzional zein sozialaren aurrean”, sare feministak eta autodefentsa “inoiz baino beharrezkoagoak” direla adierazi dute Saregileek, eta ekintzara pasatzeko deia egin dute, “ekintza eta gaitzespen soziala tresna antolatzaile erreal bihurtzeko garaia da”. Kolektiboaren ustez indarkeria matxisten biktimen erreparazioari lehentasun osoa eman zaio, baina prebentzioaren alorrean urrats egin behar direla azaldu du.
