San Pedroko arraunaren historia eta ondarea, liburu bidez jasota
Udalak eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteak 'Sentimendu baten garaipenak' liburua egin eta hilaren 22an aurkeztuko dute Lonjan, 19:30ean.
Pasaiako Udalak eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteak Sentimendu baten garaipenak liburua aurkeztuko dute hilaren 22an (astelehena) San Pedroko Lonjako eraikinean, 19:30ean. Liburu hori Sorginarri udal bildumaren 11. alea da.
Sorginarri udalaren argitalpen bilduma da, eta bere helburua da Pasaiaren historia, memoria eta ondarea herritarren eskura jartzea. Bilduma horren bitartez udalerriaren historia eta ondarea ezagutarazi nahi ditu udalak, metodologia zientifikoa erabiliz, baina era ulergarri eta erakargarrian, pasaitar guztiengana iristeko.
Imanol Urdanbide Etxeberriak idatzi du liburua, eta 1854-2020 urte bitarteko San Pedroko arraunaren historia eta ondarea aztertu ditu. Idazleak Sebastian Canoren laguntza izan du prozesuan zehar. Xabier Baztarrikak koordinatu du edizioa, eta Begoña Olaskoagak, Agustin Osak, Jose Ignacio Eloretgik, Eugenio Urdanbidek eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteko Xabier Isasak kolaboratu dute. Udalak adierazi du argazki eta informazio bilketan “funtsezkoa” izan dela klubeko kideek jasotako informazioa, argazkiak eta datuak.
Aurkezpenean liburuaren sortze prozesuaren inguruko xehetasun eta kontakizunak eskainiko dituzte idazle eta kolaboratzaileek. Saioa irekia izango da.
