Igor San Jose Izagirreren kartela, Xanistebanetako irudi
Kastroko iturri ibiltariaren kartelak iragarriko ditu Xanistebanak. Gainera, jakinarazi dute txupinazoa Urmendi haur eskolak botako duela.
Igor San Jose Izagirreren Kastroko iturri ibiltariaren kartela izango da aurtengo Xanistebanak iragartzeaz arduratuko dena. Orotara 44 proposamen aurkeztu dira lehiaketara, eta atzoko bileran aukeratu zuten jai batzordeko kideek irabazlea. “Lehia estua izan da”, nabarmendu dute.
Lehen postuaz gain, sari gehiago ere banatu zituzten atzokoan:
- Irabazlea: Igor San Jose Izagirre. 600 euro.
- Lehen oiartzuarraren saria: Iratz Inziarte Agirrezabala. 300 euro.
- Akzesitak: Angel Blanco Egoskozabal (50 euro) Sara Ayllon Gaztelumendi (50 euro).
- Ehuntze sormen espazioaren saria: Eki Arbelaitz Perkaz.
Abuztuaren 1eko kultur ekitaldian banatuko dituzte sariak, eta Xanistebanetan zehar lan guztiak ikusgai izango diren erakusketa jarriko dute.
Kartel irabazlearena, baina, ez da izan festen harira iragarri duten albiste bakarra, jakinarazi baitute Urmendi haur eskolak botako duela txupinazoa.
Aurten, lehenengoz izan dute herritarrek hautagaiak proposatzeko aukera, eta 30 iradokizun inguru jaso dituzte. Horien artean jai batzordeak Urmendi haur eskola aukeratzea erabaki du “azken 30 urtean herrian egindako lana eta herriari egindako ekarpena goraipatu eta eskertzeko”.
