Historia eta ondare morea, liburuan
'Sentimendu baten garaipenak. Pasai San Pedroko arraunaren historia eta ondarea 1854-2020' liburua egin eta hilaren 22an aurkeztuko dute.
Xabier Baztarrika, Begoña Olaskoaga, Imanol Urdanbide eta Sebastian Cano. Arraunaren historian izen handienetakoa da San Pedrorena. Munduaren mapan jarri du Pasaiako barrutia kirol horrek. Arrauna historia eta ondarea da San Pedron, haren izaeraren zati handi-handi bat. Baina gaur arte hori ez da bildua izan era oso eta bateratuan. Bada, San Pedrok badu munduari emateko beste ikur bat: Sentimendu baten garaipenak. Pasai San Pedroko arraunaren historia eta ondarea 1854-2020 liburua egin dute askoren artean. Hilaren 22an, 19:30ean, aurkeztuko dute Lonjan. Pasaiako Udalaren Sorginarri bildumaren barrukoa da. Egun horretan bertan eros daiteke.
Imanol Urdanbide Sanpedrotarra Arraun Elkarteko presidente izandakoa da egilea, eta sortze lanean Sebastian Canoren laguntza izan du. Xabier Baztarrikak eta Begoña Olaskoagak koordinatu dute edizioa, eta haiekin kolaborazio zuzenean izan dira Agustin Osa hasieran, Jose Ignacio Elortegi, Eugenio Urdanbide eta Xabier Isasa. Liburua egiteko elementu garrantzitsu izan dira arraun elkartearen urtekariak, horietan datu asko jasota zeudelako; urtekariak Jose Enrique Iriartek, Agustin Osak, Jose Antonio Sanbaudeliok, Jose Manuel Santosek, Joxe Manuel Oiarbidek eta Ignacio Etxeberriak egin zituzten. Euskararen tratamendua Aintzane Atelaren esku gelditu da.
Beraz, Urdanbide-Cano-Olaskoaga-Baztarrika laukotea izan bada ere argitalpenari berotasuna eman dion laukotea, beste askoren lanari esker egin ahal izan da hamar ataletan banatutako 224 orrialdeko liburua. San Pedroren historia, ondarea, izaera eta izatea irudikatzen du Sentimendu baten garaipena-k. Hizkien eta datuen ondoko argazki eta irudiak ere askotariko bideetatik lortu dituzte, eta horiek guztiei diseinua eta maketazioa emateaz Marmol Estudioa eta Aritz Aranburu arduratu dira.
Urte askotako lana izan da argitalpen morea egikaritzea. Xabier Baztarrika koordinatzaileak azaldu du hark 2020an izan zuela, Imanol Urdanbideren eta Sebastian Canoren partetik, liburuaren berri. «Liburuaren hitzaurrea egiteko eskatu zidaten. Erronka onartu, eta testuak berrikusteko eskaini nuen nire burua; Begoña Olaskoaga bikotekidea ere horretan inplikatu zen». Baztarrikak kontatu du 224 orrialde horietan bidaia bat eskaintzen dela «gure herriko arraunaren iraganera, orainaldira, eta etorkizunera». Hala, azaldu du San Pedroko arrauna bi arotan sailka daitekeela: lehena 1854tik 1936ra artekoa, Aita Manuel nabarmen izan zen aroa alegia; eta bestea 1958an Sanpedrotarra Arraun Elkartea sortu zenetik aurrerakoa, Julian Osa entrenatzailea eta Juan Carlos Fontan lemazaina nabarmentzen direlarik aro horretan.
Xehetasunak
Baztarrikak argitalpenaren hainbat xehetasun eman ditu. Batetik, aipatu du bertan eduki orokorrez gain (traineruen estropaden eta herriko arraunaren sorrera eta historia, Libia-ren jatorria, estropaden kronikak…), Sanpedrotarra Arraun Elkartearen 1958ko sorreraren eta haren bilakaeraren gaineko azalpen asko daudela. Gainera, irabazitako bandera guztien zerrenda ikus daiteke «bandera horiek denak arraun elkartean daude; batzuk zaharberritu behar izan dira, beste batzuk erabat berritu». 1944 eta 2020 urteen artean San Pedrok izan dituen arraunlarien zerrendak ere ikus daitezke, baita dokumentu eta artikulu asko ere, prentsakoak, arraunean espezializatutako aldizkarietatikoak, «eta baita bertso paperetan jasotako estropaden kronikenak ere».
Azala ere esanguratsua da. «Kontxako estropada eremu berriarena da. 1989an, Sanpedrotarra Arraun Elkarteko kideak Imanol Urdanbide presidentea buru zela Kontxako arduradunekin harremanetan jarri ziren, esateko egiazta zezatela estropada eremua. Izan ere, adibidez, irteerako 1 balizatik ez zen ikusten kanpoko 1 baliza. Neurketa berria egin, eta 2,6 graduko akatsa hauteman zen lehen kalean. Hau da, ordura arte 1 kalea zutenek 33 metro gehiago egiten zituzten. San Pedrori esker, hori konpondu zen. Eremu berriarena da liburuaren azaleko planoa».
Liburua gazteen esku ere izatea nahiko luke Baztarrikak. San Pedroko etxe gehienetan izan dira arraunlariak, edo arraunarekin lotura izan dutenak. Familien barruko transmisioa oinarri izan da beti herriko izaeraren parte handia den arrauna errotzeko bidean. Epilogoaren zati bat egungo arraunlariei eskaini diete.
