Dantzan hasi dituzte Pasaiako jaiak
Gaur aurkeztu dituzte lau barrutietako jaiak Trintxerpen, datorren astetik aurrera Pasaiako txokoak festan murgilduko dira.
Pasaitarrak festa gogoz daude, eta hala erakutsi dute gaur goizean egindako aurkezpenean. Aurtengo jaien aurkezpena Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan egin dute, eta urteo legez, erraldoiek, dantzariek, danborradek eta musikariek ez dute hutsik egin. 12:00etan, puntu-puntuan, heldu dira kalejiran erraldoiak, lau barrutietako danborradekin, dantzariekin eta Illunbe bandarekin batera. Eguraldia lagun, dozenaka pasaitar bildu dira plazaren inguruan aurkezpenaz gozatzeko.
Erraldoien balsarekin hasi dute aurkezpena, eta ondoren, Lamiak Dantza Taldeko, Lintxua Dantza Taldeko eta Illunbeko dantzariek agurra eta banangoa dantzatu dute. Batelerak ere bertan izan dira, euren betiko dantza eskaintzen.
Festa guztietan bezala, danborradak ez du gaurkoan hutsik egin. Antxoko danborrada, Basari danborrada, Antxoko haur danborrada, Donibaneko itsas danborrada, Itsas Mendiko danborrada, Donibaneko haur danborrada, San Pedroko danborrada, San Pedroko haur danborrada, Azkueneko danborrada, Famili danborrada, Mariñel danborrada, Trintxerpeko haur danborrada, Emakumeen danborrada, Gizonen danborrada eta Meipiko danborradako kideek ere hainbat pieza jo dituzte.
Ekitaldiko unerik bereziena erraldoiei lau barrutietako zapiak jarri dietenean heldu da. Zapiak janzten lau barrutietako alkateordeak eta alkate txikiak izan dira, ondoren lau erraldoiek bakoitzak bere zapiarekin balsa dantzatu du. “Ekitaldi honekin gure herriko jaiei ongi etorria ematen diegu. Festak disfrutatzekoak dira, errespetu osoz eta oso ongi pasa aurtengo festetan”, adierazi du Teo Alberro alkateak.
Ekitaldiari amaiera emateko Pasaiako herritik abestia kantatu dute denok batera. Azkenik, ekitaldian bildutako elkarte guztiek argazkia egin dute.
Hona hemen, HITZAk goizean zehar aterako argazki sorta:
