San Joan bezperako su bakarra, Gurutze Santuaren plazakoa
Muturreko tenperatura altuengatik alarma gorria ezarrita dagoelako, baserri lurretan surik ez egitea aholkatu du udalak.
Lezoko Udalak San Joan suekin kontu handiz ibiltzeko eskatu die herritarrei. Muturreko tenperatura altuengatik alarma gorria ezarrita dago gaurko, eta horregatik, landa eremuan, baserrietan, edo kontrolatuta ez diren guneetan surik ez egiteko gomendioa eman du. Su bakarra, Gurutze Santuaren plazakoa izango da.
Izan ere, udalak nabarmendu du kontrolpeko sua izango dela ilunabarrean plazan piztuko dena, “baimendutako su bakarra da. Kontrolatuta egongo da, eta ahal bezain laster itzaliko da”.
Plazan, 20:00etan Murixkako dantzariek eta 22:00etan herritar talde batek gidatuta egingo dituzte, dantzan, San Joan egunaren bezperako ospakizunak.
