Bizitegi larrialdiari erantzutea lehentasun
Etxebizitza hutsak mobilizatzeko bide orria aurkeztu du gaur udalak azterlana egin ondotik. Azterketak estimazio bat jasotzen du, datu zehatzak jasotzeko zailtasunak izan dituelako udalak.
Otaegi eta Lemos etxebizitza hutsak mobilizatzeko bide orria aurkezteko agerraldian. Bizitegi larrialdiak udalerri eta hiri denei ez bada, gehien-gehientsuenei eragiten die gaur gaurkoz, eta Errenteria-Oreretara ere, errealitate horren parte da. Hori baieztatzeko datu bat: une honetan udalerriko 2.000 pertsona daude Etxebiden izena emanda alokairuko etxebizitza eskatzaile gisa. Aizpea Otaegik eman du datu hori Errenteriako Udalak gaur eguerdian etxebizitza hutsak mobilizatzeko bide orria aurkezteko egin duen agerraldian. Bide horri hori, urratsa da, bat gehiago, udalerriak bizi duen bizitegi krisiari aterabidea emateko, udalarentzat lehentasuna baita. Halaber, Etxebizitza Planak jasotzen duen neurrietako bat ere bada.
Bide orriaren oinarrian, azterlana dago. Hala azaldu du Otaegik Bernar Lemos zinegotziarekin batera egin duen agerraldian, eta aitortu, zailtasun garrantzitsu batetik abiatu dela. Izan ere, etxebizitza bat hutsik dagoela ebazteko ur edo argindar horniduren datuak behar dira. Hortik datorrela zailtasuna zehaztu du alkateak, Errenteria-Oreretako etxebizitzen 525ak soilik baititu ur kontagailu pertsonalizatuak, “hori horrela, Iberdrolari argindar kontsumoen inguruko datuak eskatu genizkion, baina udalak ezin izan ditu eskuratu, lan honen garapena nabarmen zailduz”.
Azterketak, beraz, estimazio bat jasotzen du, eta horren arabera, udalerrian dauden etxebizitza guztien artetik %3,4 dira etxebizitza hutsak. Datuek beste errealitate bat ere erakutsi dute, “Errenterian etxebizitza nagusiek gero eta pisu handiagoa dute. 2010ean etxebizitza ez nagusiak %9,6 ziren, eta 2023an, %7,5”. Hori positiboa dela adierazi du Otaegik eta Donostiarekin alderatu, “han %16,4 dira etxebizitza ez nagusiak. Hori horrela, Errenteriako etxebizitza parkearen erabilera inguruko udalerriena baino nabarmen intentsiboagoa eta egonkorragoa da”.
Etxebizitza huts kopuru osoa banakatu du Otaegik ondoren. Hala azaldu du, eskuragarri dagoen informazioarekin osatutako direktorioak 153 etxebizitza huts identifikatu dituela, etxebizitza hutsen dekretuak ezartzen duen definizioa betetzen dutenak, “hau da bi urte baino gehiagoz kontsumorik izan ez duten etxebizitzak”. Horrekin batera, azken urtean kontsumo txikia edo batere izan ez duten 60 etxebizitza ere identifikatu ditu udalak azterlanean—ur kontagailu indibidualizatuak dituztelako identifikatu dira kontsumorik gabeko edo oso kontsumo baxuko etxebizitza gisa—.
Bestalde, bi urtean OHZren errekargua ezarri zaien beste 415 etxebizitza dira, ohikoak ez direlako. hustzat jotzen direlako edo jarduera ekonomikorako erabiltzen direlako; denera beraz, 628 etxebizitzako poltsaz mintzatu da Otaegi.
Birgaitzea
Identifikatutako etxebizitza horien %67,5ek 50 urte baino gehiago dituztela ere erakutsi du azterlanak, eta horrek ezinbesteko gako bihurtu du birgaitzea. Mobilizatzeko aukera handien duten etxebizitzak Erdigunean, Iztieta-Ondartxon eta Galtzarabordan daude nagusiki, eta kopuru esanguratsu batek igogailua du.
Azterlanak 25 urte baino gutxiago duten 82 etxebizitza identifikatu ditu, bestalde.
Datu horiek emanda bide orriaren jarduera ardatzak zerrendatu ditu Otaegik, lau denera: Informazio eta aholkularitza integrala da lehena, eta horren barruan sentsibilizazio kanpainak sustatuko ditu udalak; datuak osatu eta etengabe eguneratzea da bigarrena; udal laguntza eta birgaitze tresnak etxebizitza hutsei erabilera ematea errazteko litzateke hirugarren jarduera, eta horren barruan laguntzak, izapidetzeen erraztea, Bizigune eta ASAP programen bidezko bitartekaritza publikoa indartzea eta etxe jabeei laguntza tekniko eta administratiboa eskaintzea.Laugarrena, etxebizitza hutsen kanona ezartzea litzateke, “horretarako protokoloak beharrezkoak dira, baliabide teknikoak zehaztuta eta analisi juridiko espezifikoa lantzea”.
Bide orriaren helburua etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzea dela esan du bukatzeko Otaegik, “dagoen etxebizitza parkea modu eraginkorragoan erabilita eta herritar guztientzat etxebizitza eskuragarria lortzeko aukerak zabalduz”.
