Azken Azken Ostirala, leiho bat itxaropenari
Gaurkoa Errenteria-Oreretako Sarek egingo duen azken Azken Ostirala izango da. Hala ere, lanean jarraituko du Sarek, euskal errepresaliatuen bueltan sortzen diren beharrei erantzuteko.
Sareko Elena Mendia Epelde eta Josu Galarraga ArregiImanol Saiz Gomez de Segura Azkena izango da gaurkoa. Sarek eta Etxerat elkarteak antolatzen duten Azken Ostiralaren azkena izango da Errenteria-Oreretak hartuko duena gaur. Sare Herritarrak hilaren hasieran esan zuen, agerraldi jendetsu bidez, 2027ko urtarrilaren 9an Bilbon egingo duen nazio manifestazioa arrazoi politikoengatik preso, exiliatu eta deportatuta dauden pertsonen euskal herriratzea eskatzeko egingo duen azken manifestazio handia izatea nahi duela. Aspaldikoa da nahi hori, bide luzea du atzean aldarriak. Itxaropenez jantzi du desio hori, nahi zutena baino askoz ere urte luzeagoz joan den bidearen geltoki garrantzitsuenetakoa betetzea litzatekeelako haientzat: helmuga.
Erabakia hartzera eraman duen arrazoia ere azaldu du dinamika herritarrak: 2014an Sare sortu zenean zegoen espetxeetako testuingurua eta gaur egun dagoena nabarmen aldatu direla.
Hausnarketa prozesua abiatu zuen Sarek erabakia hartu aurretik partekatzeko, herriz herri zabaldu eta landu, eta horrekin lotuta erabaki du Errenteria-Oreretako Sarek, Azken Ostiralaren azkena, gaur egitea.
Elena Mendia Epelde eta Josu Galarraga Arregi sarekideekin hitz egin du hitzak. «Ibilbidearen eta egungo egoeraren gaineko hausnarketa eginda hartu da dinamika soziala aldatzeko erabakia», azaldu dute bi kideek, eta argi azaldu dinamika nazionalari eragingo diola erabaki horrek. Geltokiz geltoki ari direla bidea egiten jarri du nabarmen Mendiak, «luzea oso».
Lehenik eta behin urruntze politikak bukatzea jarri zuen helburu dinamikak, eta ondoren, legedi arruntaren ezarpena, «eta fase hau gainditzea lortuz gero, beste dinamika batzuk egingo ditugu, denak etxean izanik ere bestelako zereginak izango direlako». Sare Herritarrak nazio agerraldian emandako datuak ekarri ditu gogora Mendiak: «Herri dinamika martxan jartzerakoan 465 preso ziren Espainia eta Frantziako ehundik gora espetxetan sakabanatuta; gaur egun, 114 preso daude, eta horietatik ia %70 hirugarren graduan daude, 100.2 artikulua ezarrita». Gaur-gaurkoz, 40 bat preso gradu progresioa egin zain daudela gaineratu du, «baino itxaropentsu gaude, eta espero dugu urtean zehar neurri horri heltzeko aukera izango dutela». Argi esan du Galarragak, fase bat bukatu, baina beste bat hasiko dutela: «Lanean jarraituko dugu eta ez dugu inor atzean utziko, oinarrizko eskubideen defentsan jarraituko dugu». Horrenbestez, jarduteko modua birdefinituko dute, «mobilizazio dinamikak errealitate berrietara moldatu». Sinistuta daude orain artekoak bezala, bide berriak ere «izugarri» emango duela eta lortuko dutela helburua: «Denak etxean izatea».
Errenteria-Oreretara etorrita, une honetan hiru euskal preso direla jarri dute nabarmen Sareko bi kideek. Horietako bat Zaballako espetxean dago, bigarren graduan, eta 2032an aterako da aske ezarritako zigor osoa beteta; beste biak baldintzapeko askatasunean dira, eta 2031n eta 2033an geldituko dira aske zigor osoa beteta.
Gizarte mugimendua, giltzarri
Azken Ostiralera begira ari dira, gaurkoa jendetsua izatea nahi dute: «Hilero 80 eta 100 pertsona artean aritu dira parte hartzen herriko eragileek lekukoa hartuta txandaka». Berezia izango da Azken Ostiralaren azkena, Herriko Plazatik abiatuko dira 19:30ean euskal presoak etxeratzearen aldeko bandera erraldoia aurre-aurrean, eta hura eramaten eragileak. Txalapartariak, abeslaria, mezua, eta familia argazkia ere ez dira faltako azkena izango den hori betikotzeko, «ekitaldi xumea izango da, baina garrantzitsua dela uste dugu». Azkenekoan ere, indar erakustaldia egin nahi dute.
Eragile eta herritarrengan jarri du fokua Mendiak, motorra izan diren zalantzarik ez du-eta: «Aniztasun eta konplizitatearen ikur bilakatu da Sare herrian, ideologia askotariko jendearengana heldu gara eta gure aldarriekin bat egitea lortu dugu. Lortu den guztia gizarte mugimenduari esker izan da». Hori horrela, garrantzitsu eman du Galarragak horiek adi egotea sor daitezkeen presoen aldeko mobilizazioetara, parte hartzeko: «Eskerrak eman nahi dizkiegu errepresaliatuen eskubideen defentsaren alde batu diren eragile eta herritarrei. Aurrerantzean ere sor daitezkeenetara adi egoteko eskatu nahi diegu».
Gaurkoa bukatuta indarrak urtarrileko manifestazio handira begira jarriko dituzte, «azkena izatea nahi da, eta bide horretan goaz». Garrantzitsua da haientzat berez urtero handia den manifestazioa inoiz baino handiagoa izatea, «erakusteko etxean nahi ditugula errepresaliatu guztiak».
11 urte egin ditu Galarragak Errenteria-Oreretako Saren, eta 10 Mendiak. Oso gogoan dute bertan hastea erabaki zuten unea. «Ez nuen espero hainbeste urte pasatzea, ezta joan diren moduan izatea ere presoen gaiaren bueltan, lehenago konpondu behar zelako, justizia kontu bat da», Galarragak. Herrian lortutako konplizitateekin pozik dago, «ikaragarri aberatsa izan da, oso harro nago horretaz, asko ikasi dut». Emaitzarekin ere pozik Mendia, «ilusio handiz hasi nintzen Saren eta jendeak erantzun duela ikusita oso pozik nago, herritarrak inplikatu egin dira eta dinamika oso arrakastatsua izan da».
Gaurko mobilizaziora deitu dute jendea, «konfiantzaz eta harrotasunez bete nahi dugu azken ekitaldi hori, ahaztu gabe oraindik lana dugula preso eta iheslarien alde». Ilusioa transmititzeko tresna ere izatea nahiko luke Mendiak, «errepresaliatu denak etxean izango diren agertokia gertuago sumatzen dugu; handia izango da hori, helburua betetzea». ■
