"Ez daude bi trantsitu berdin. Bakoitzak bere bidea du"
Haur eta nerabe transexualentzat erreferentziak izatea ezinbestekoa da. Naizenen irteera eta udalekuetan begirale eta erreferentzia da Senar.
Xuban Senar Usandizaga.Imanol Saiz Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteko kide da Xuban Senar Usandizaga (Irun, 2003). Besteak beste, Naizenek antolatzen dituen irteera eta udalekuetan begirale lanak egiten ditu. Bere esperientziatik abiatuta, haur eta nerabeen laguntzarako espazioetan ekarpena egiten dabil nekaezin.
Besteak beste, Naizenek antolatzen dituen udalekuen eta aisia jardueren begirale zara. Beharrezkoak dira horrelako gune seguru eta goxoak, ezta?
Azken batean irla modukoak dira eremu horiek. Ulertua izango zaren guneak dira, eta batez ere haur, gazte eta gurasoak eroso sentitzen diren eremuak dira. Aldi berean sarea sortzeko ere oso baliagarriak dira.
Nolakoak dira espazio horiek?
Urtean bi egonaldi egiten ditugu, asteburu pasak dira, bat udazkenean eta bestea udako oporraldien aurretik. Adibidez, joan den asteburuan Barrian (Araba) izan ginen. Hainbat jarduera egiten ditugu bertan. Gurasoentzat tailerrak eta hitzaldiak izaten dira, baita nerabeentzat ere. Izan ere, adin tartekako taldeak egiten ditugu, ez delako berdina 15 urteko pertsona batekin egotea, edo 8ko batekin. Adinaren araberako ekintza ezberdinak egiten dira.
Haurrentzat, adibidez, zaharragoak direnen erreferenteak izatea inportantea izango da, ezta?
Bai, hala da. Gazteenek ikustea transa izanda aurrera begira badagoela bizitza normal bat egiteko aukera, oso aberasgarria izaten da haientzat. Orduan, egun horietan erreferente izan daitezkeenak dituzte alboan, eta ez bakarrik haur edo nerabeek, familiek ere bai.
Familiak bidelagun izatea garrantzitsua al da?
Badira kasuak familiek ez dutenak laguntzen, ez dutela haurra edo nerabea ulertu nahi ere. Normala izan daiteke hasieran seme-alabak transexualak direla ulertzea. Kasu horietan sufrimendu handia dago, batez ere haurrengan, familiarekin dependentzia handia dutelako. Helduetan ere arazoak egon daitezke, izan dira familiak hautsi direnak ez dutelako seme-alaben izatea onartu. Beraz, inportantea da familiek bat egitea haur eta nerabeekin.
Horretarako dago Naizen, familientzat ere bidelagun izateko.
Hala da. Familientzako bidelagun izateko aukera da Naizen trantsitu guztian zehar. Laguntza emozionala ematen dugu hilabetean behin herrialdez herrialde egiten ditugun saioetan, batez ere familiei begirakoak dira, baina batzuetan gazteak ere joaten gara. Gai legalak kudeatzeko ere laguntza ematen du Naizenek, eta tramiteak egiteko informazioa eta aholkularitza baliabideak ere baditugu. Bidelagun da Naizen.
Pertsona bakoitza mundu bat da. Trans pertsonek ez dute patroi komunik.
Badira komunean izan ditzaketen gauza batzuk, eta horiek konpartitu egin behar dira. Baina ez daude bi trantsitu berdin. Bakoitzak bere bidea egin behar du. Naizenek laguntza ematen du, baina nork bere testuinguru pertsonala ere kontuan hartu behar du.
Trans pertsonak, okerreko gorputz batean jaio direla esaten duenik bada…
Niretzako nire gorputza zuzena da. Kanpokoaren begirada da aldatzen dena trantsituak ematen direnean. Trantsitua egin dudanetik ez naiz aldatu; pertsona bezala ez naiz aldatu. Gorputzean aldaketak egin ditut gizarteak ni gizon bezala ikus nazan. Baina pertsona bezala ez naiz aldatu. Nire gorputzarekin arazorik ez dudan bitartean, zergatik nago okerreko gorputz batean? Ez gara okerreko gorputz batean jaio garen pertsonak.
Beste estereotipo bat, erabakiarena.
Guk ez dugu erabakirik hartzen. Ez dugu erabakitzen egun batetik bestera neska izatetik mutil izatera pasa nahi dugula edo alderantziz. Ez da horrela. Benetan zer zaren, zer sentitzen zaren konturatzen zaren une bat iristen da, eta ni 15 urterekin konturatu nintzen. Niri neska nintzela esaten zidaten, eta ez nuen planteatu ere egiten neska ez izaterik nuela. Ez nuen ikusten beste aukerarik, ez nuelako erreferenterik. Orain badaude 5-6 urteko haurrak esaten dutenak ez direla neska edo mutil. Ez da erabaki bat. Halakoak dira.
Deseraikitze prozesua eman behar da zuengan, eta inguruan.
Prozesu bat da dena. «Orain nola esan behar dut denen aurrean mutila naizela?», hura izan zen nire kasuan kezka nagusienetako bat. «Noiz, nori, nola esan behar diot?». Hori bakoitzak kudeatu behar du. Nik prozesua egin nuen, eta hasteko, etxean mutila nintzela esan nien. Prozesu hori asumitua nuen, eta orduan inguruan hasi zen deseraikitze prozesu hori, familian eta inguruan.
Diskurtso transfoboak eta homofoboak hazten ari dira. Haur eta nerabeak horren kontziente al dira?
Ez dakit oso kontziente diren gertatzen ari denaz. Baina gazte garenok bai kontziente garela zer datorren, eta zer etor daitekeen. Eskuin muturra ez da kontziente zer sufrimendu eragin dezakeen ez onartzearen mezu horrek. Gezurra esaten dute, adibidez, haurrak hormonatzen direla esaten dutenean, buloak zabaltzen dituzte min egiteko. Hormonazioak nerabezaroan hasten dira.
Zein izan da zure prozesua?
15 urterekin konturatu nintzen mutila nintzela. Ordura arte, haurtzaroan, ni izaten utzi zidaten, hau da, nahi nuen bezala janzten nintzen, nahi nuen itxura nuen. Neska jaio nintzelako ez zidaten esaten neskei ustez dagozkien gauzak egin behar nituela; neska izatea ez zen arazo bat. Nerabezaroan, ordea, gehiago kosta egiten hasi zitzaidan neska izate horri erantzuna ematea, nesken eta mutilen arteko harreman espazioak eta ohiturak aldatzen direlako. Hor hasi nintzen konturatzen ez nuela toki askotan enkajatzen, nahiz eta ez jakin zergatik ziurtasunez. Nabaritzen nuen zerbait ez zegoela ondo, eta ezinegon hori nondik zetorren ere. 15 urterekin, ordea, mutil trans baten bideoa ikusi nuen, haren bizitza esperientzia kontatzen zuena. Hori ikusita pentsatu nuen, agian, hark kontatutakoa nik sentitzen nuen hori zela. Transa izatea ez da gauetik egunera egiten den zerbait, prozesu baten ondorio izan zen dena, nire ondoeza bideratu behar nuen.
Adibidez, tarte horretan, DBH4tik Batxilergoko Lehen Mailara pasa nintzen. Jende berriarekin hasi nintzen ikastetxean, nahiz eta ezagunen bat izan aro berri horretan. Hala, hasietatik Xuban bezala aurkeztu nintzen denen aurrera. Neska bezala ezagutzen nindutenentzat agian txoke antzekoa izan zen; baina ez dut inongo arazorik eduki, ez erantzun txarrik, ezta jarrera latzik ere.
Zuretzat betegarria izan behar du zure esperientzia pertsonaletik abiatua, haur eta nerabeekin lan egitea, ezta?
Bai. Eta ikustea familiek egun zer nolako kontzientzia maila duten oso gustagarria da. Hau da, gurasoek jakin gabe zure seme edo alaba transa dela, horren gaineko hezkuntza etxetik ematea sekulakoa da. Hezkuntza formalean ere gaia lantzeko baliabideak jartzen ari dira, eta horrela haurrek ez dute diskriminaziorik, irainik edo sufrimendurik izango.
