Karibea San Pedrora ekarriko dute bosgarrenez
'El Conquis' saio entzutetsua abiapuntutzat hartuta, Piratakada izeneko jarduera egingo dute bihar barrutiko frontoian, 17:00etan.
Azken txanpan sartu da EITBko El Conquis saio entzutetsua. Egun gutxi barru jakingo da nork eramango duen aurten txapeldunaren ikurrina preziatua. ETB2ko formatuaren tentakuluak hara eta hona zabaldu dira, eta saio hori abiapuntu hartuta, El Conquis sanpedrotar erara egingo dute bihar (larunbata) barrutiko frontoian, Piratakada egingo baitute 17:00etatik aurrera.
Aurtengoa formatuaren bosgarren ekitaldia izango da. Pandemia garaian San Pedroko haur asko, El Conquis-eko probak imitatuz, ikurrinarekin ateratzen ziren kalera, eta saioan tipikoak ziren probak egiten zituzten haien artean. Garai hartan murrizketak zeuden, eta ezinezkoa zen Piratakada bezalako jarduerak antolatzea. Ohikotasuna berreskuratzean, baina, El Conquis moduko formatu bat antolatzea erabaki zuen Nerea Enbilek, eta arrakasta izan du San Pedron.
Telebistako saioan egiten den moduan, parte hartzaileak zazpi kideko lau taldetan banatuko dituzte, eta bakoitzak bere kapitaina izango du. Orotara, 28 partaide arituko dira biharko probetan. Piratakada, berez, 11 eta 16 urte arteko gazteei begirako proposamen bat dela adierazi du Enbilek, eta hasieran haurrekin bakarrik egiten zuten jarduera. Helduek, ondoren, haientzako Piratakada bat ere eskatu zuten, eta duela hiru urtetik taldeetako bat helduena da.
Talde gorria (Karramarroak), berdea (Antxetak) eta urdina (Begihaundiak) haurrenak izango dira, eta beltza (Barbarinak) helduena. Talde horiek osatzeko, San Pedroko haurrek bideo kastinak bidali zituzten, beren izen-abizenak, adina eta gustuko duten jarduera bat aipatuz. Taldeak osatu ondoren, aurkezpen bat egin zuten partaideekin maiatza bukaeran, eta bertan jakin zuten zein taldetan arituko diren biharko Piratakadan.
Parte hartzaile guztiek sei proba osatu beharko dituzte biharko desafioan, bost gehi finala. Horiek El Conquis-eko proben antzekoak dira, eta partaideak orekan, indarrean, soketan, puzzleetan edota estrategian trebatu beharko dira Piratakadako ikurrina preziatua bere egiteko.
