Sorgiñarri, hiru hamarkadaz txistuari eragiten
Gaur hasiko diren sanpedroetan Sorgiñarri Txistu Taldea arduratuko da San Pedro girotzeaz. Gaur buruhandiekin batera arituko dira, eta astelehenean dianan eta buruhandien eta erraldoien desfilean.
Herriko jaiak ezin dira txistu hotsik gabe ulertu. Edozein momentutan entzun daitezke doinu eta melodia horiek. San Pedron ere hala da, eta gaur hasiko diren sanpedroetan Sorgiñarri Txistu Taldea arduratuko da barruti morea girotzeaz. Sorgiñarri 1995ean sortutako txistulari taldea da. Hiru hamarkadako bidea osatu du jada herria girotzen, eta Jasone Sisniega kideak taldearen hastapenak gogorarazi ditu.
Sisniegak jakinarazi du txistulariak 1950eko hamarkadatik izan direla San Pedron. Barrutian Sisniega eta gainontzeko kideak baino helduagoak ziren txistulariak zeuden, eta adinez gora egiten ari zirenez errelebo bila hasi ziren. Gaur egungo Sorgiñarriko kideek hasierako haien lekukoa hartu zuten 1995ean, Sorgiñarri Txistulari Taldea sortuz.
Elkartea sortuta, bidea egiten hasi zen Sorgiñarri, eta hasiera-hasieratik kide helduagoen laguntza izan zutela adierazi du egungo txistulariak. Sisniegak eta beste kide batzuek musika eskolan ikasi zuten txistua jotzen, baina kaleak San Pedroko txistularien laguntzarekin bereganatu zituzten, haiekin batera ikasi baitzuten kalean jotzen.
Sorgiñarriko kideek ikusi zuten aurreko txistulariek herriko ospakizunetan edo elizaren inguruko ekitaldietan aritzen zirela txistuarekin. Bide horretan, dantzetan, kalejiretan, jaietan, San Pedrok bandera bat irabazten zuenean edota jaunartzeetan hartzen zuten parte. Hasierakoek irekitako bideari jarraipena eman diote Sorgiñarrin, eta, bereziki, herriko festetan, ospakizunetan edo ekintza kulturaletan aritzen dira, ekitaldi horiek txistuarekin girotzeko. Kontzertuak eta antzekoak ere egiten dituzte tarteka, baina gehienbat ospakizun kutsuko ekitaldietan aritzen dira txistuarekin.
Sanpedroetara begira
Sorgiñarrik San Pedron egiten ditu jarduera gehienak, eta urtero bezala, aurten ere sanpedroetan izango dira herria girotzen. Hirutan hartuko dituzte San Pedroko kaleak. Gaur buruhandiekin batera arituko dira barrutiko txoko guztietan, 17:30etik aurrera.
Astelehenean (hilaren 29an), aldiz, San Pedro egunean, dianan aterako dira 10:00etan, eta buruhandien eta erraldoien desfilean 18:30ean. Aurtengo txistularien ekarpena hiru une horietara mugatuko bada ere, Sisniegak baietsi du herriak badakiela Sorgiñarrirekin edozein momentutan konta dezaketela edozein jarduera prestatzeko.
