Festak jolas bat dira San Pedron
San Pedroko festen bigarren egunean Piratakada izan da ekitaldirik nabarmenena. Lau talde, elkarren kontra jokatzen baino, elkarrekin jolasean izan dira.
Gaur, San Pedroko festen bigarren eguna. Atzoko txupinazoaren ajeak erdi-gaindituta atera da goizean Porrusalda txaranga kolorez barrutia girotzera. Arando Txiki abesbatzak ere ekarpena egin du, itzaletik gehienbat. Denak arratsaldeko zita handirako zain ziren, ordea: Piratakada. Jolas multzo bat da Piratakadaren oinarria, telebistako El conquis saioaren erreplika morea-edo. Lau taldetan, jolasean izan dira talde horiek, elkarren kontra baino, elkarrekin. Bero egiten zuen frontoi inguruan, baina tira… Festak jolas bat dira San Pedron. Ala ez?
Karramarroak gorriz, Antxetak berdez, Begihaundiak urdinez, eta Barbarinak, beteranoenak, beltzez. Horiek taldeak. Antolatzaileak saiatu dira bizitza ez asko zailtzen taldekideei, baina jolas denetan trebezia, talde-lana, eta azkartasuna izan dira giltzarri. Umorea, beti; tira, izan da baten bat umore hori gaiztotu zaiona, gauzak nahi bezala ez zaizkiolako joan. Baina lasai: festak jolas bat dira San Pedron.
HITZA Piratakadaren lehen zatian izan da, lehen jolasean. Bertakoak dira beheko irudiak: lau taldeetako kapitainek posturako egoki zirela demostratu behar izan dute.
Lau koloretako elastikoak izerditu ondoren dutxatzera joan denik izan da, 20:30ean herri afarira joan behar zelako, nora eta Arraunlari kaleko jatetxe kolektibora. Geroago hasiko da Rockalean kaleak astintzen (22:00), Zatekeen taldearekin erromeria doinuak zabalduko dira San Pedron eta badia osoan (01:00), eta gaua luzatzera ausartzen direnek Gonzalo DJa izango dute bidelagun txosnan 03:00etatik aurrera; hortik aurrera, orduarekin eta lehen eguzki printzekin jolasean hasiko dira sanpedrotarrak.
Esandakoa: behean, Piratakadaren lehen zatiko argazkiak. Beherago dagoen koadro urdinean, sanpedroetan izango diren datozen ekitaldiak egunez egun.

Sanpedroak 2026
Gaur (hilak 27, larunbata)
- 20:30: Afari herrikoia Arraunlari kalean Txomin Parrillaren eskutik (txartelak aurretik erosi behar dira, 21 euroan).
- 22:30: Rockalean San Pedroko kaleetatik.
- 01:00: Zatekeen taldearekin erromeria oholtza nagusian.
- 03:00: Gonzalo txosnagunean.
Bihar (hilak 28, igandea)
- 12:00: Helduen Inude eta Artzainak. Ondoren, Bermutekea Boteron.
- 16:00: Haurren frontenis finala.
- 18:30: Helduen pilota finalak. Ondoren, Jose Inazio Murua Elizondo eta bere musika frontoian.
- 00:00: Pixa taldea oholtza nagusian.
- 03:00: La Fulana oholtza nagusian.
Etzi (hilak 29, astelehena)
- 10:00: Diana txistulariekin.
- 11:00: Licinio Refice meza nagusia.
- 12:00: Haurren Inude eta Artzainak.
- 16:00: Haur eta gaztetxoentzat dantza tailerra Fama eta Txasissen eskutik Herriko Plazan.
- 17:30: Helduen frontenis finala.
- 18:30: Buruhandiak eta erraldoiak dultzaineroekin kaleetan barrena.
- 19:00: Bote-igel txapelketa jubilatuen eskutik Falkonen.
- 20:30: Sutargi taldearekin erromeria Begihaundin.
- 23:00: Hodax eta Garinbo txosnagunean.
Hilak 30, asteartea
- 11:00: Ginkana, Eskubidean planeko haur eta gazteen antolatuta, frontoian.
- 12:00: Buztiña eta Eskamak partida frontoian. Ondoren, haur bazkaria Txokon.
- 15:00: Puzgarriak frontoian.
- 18:00: Goazen Nait frontoian.
- 20:00: Joxe Angel Elizalderekin dantzaldia frontoian. Bitartean, afari autogestionatua frontoian. Jai Batzordeak bokatak eta edariak jarriko ditu salgai.
- 22:00: Zezensuzkoa frontoian.
