Don Bosco eta Usoz, aparkaleku sanferminetan
Usoz egun osoz egongo da zabalik, ordu mugarik gabe. Don Bosco, aldiz, 08:00etatik 22:30era egongo da irekita, eta gauez itxi egingo dute.
Iazko sanferminen hasieran jasotako irudi bat. Pasaiako Udalak Usozko kirol eremua (Pasaia-Lezo Lizeoaren kanpoaldea) eta Don Boscoko bi aparkaleku aparkatzeko gaituko ditu Antxoko sanferminetan. Orotara, 120 plaza baino gehiago ahalbidetuko dituzte Don Boscon. Usozko eremua biharko (ostirala) 23:30etik aurrera eta hilaren 9ko 12:00ak arte erabili ahal izango da aparkaleku gisa, ordu mugarik gabe. Horrez gain, Luzuriagako eremuan barrakek okupatzen ez dituzten guneak bertakoentzako aparkaleku gisa egokituko dira.
Don Boscori dagokionez, gauean eremu horretako hesia itxita egongo da. Gune hori irekita dago jada, eta hilaren 9ko 15:30ak arte espazio horretan bizilagunek libreki aparkatu ahal izango dute, udalarekin erdietsitako akordioari esker. Ikastetxearen bi aparkalekuetan utzi ahal izango dira ibilgailuak, eta, aurrez aipatu bezala, 120 plaza baino gehiago izango dituzte antxotarrek aparkatzeko.
Don Boscoko hesia itxi egingo da gauez. 08:00etan zabaldu eta 22:30ean itxiko dute egunero. Ordutegi horretatik kanpo ezingo da ibilgailurik sartu ez atera, baina barruan geratu ahal izango dira aparkatuta.
Balizatutako guneak
Sanferminetako ferien muntaketa dela eta, ezin izango da Luzuriagako aparkalekuan balizatutako guneetan aparkatu hilaren 9ra arte. Kupeldegi eta Blas de Lezo arteko Hamarretxeta kalean ere ezingo da aparkatu biharko (ostirala) 08:00etatik eta hilaren 8ra arte, postuak jarriko baitira.
Bestalde, bihartik eta hilaren 9ko 07:00ak arte, Hamarretxeta, Zumalakarregi, Oarso eta Gure Zumardia kaleetako trafikoa moztuta egongo da.
Antxora Eskalantegi eta Oarso zubitik sartu ahal izango da, baina trafiko perimetrala ezarriko da Eskalantegi, Kupeldegi, Gelasio Aranburu, Blas de Lezo eta Maiatzaren Lehena kaleetatik. Antxotik ateratzeko, aldiz, Papingo bidea, Luzuriaga-Gelasio Aranburu-Oarso biribilgunea edo Blas de Lezo kalea erabili ahal izango dira.
Udaltzaingoak adierazi du balizatutako guneetan aparkatzen duten ibilgailuei isuna jarriko zaiela, eta garabiarekin erretiratuko dituztela horiek. Informazio gehiagorako, Udaltzaingoaren telefonoa ahalbidetu du udalak: 943 00 43 00.
