Euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatuko dute gaur arratsaldean
Oiartzungo Gure Eskuk deituta, euskal selekzioak edozein kirol eta nazioarteko edozein txapelketa ofizialetan bere lekua izan behar duela aldarrikatuko dute.
Oiartzungo Gure Eskuk deituta eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoz, herri argazkia egingo dute gaur (hilak 2), 19:30ean, Madalensoron.
“Nazio bat gara, zazpi lurraldez osatutakoa, hizkuntza, kultura eta ezaugarri propioak dituena. Horregatik diogu zazpi lurraldetako euskal herritarrok ordezkatzen gaituen selekzioa euskal selekzioa dela, eta horregatik diogu euskal selekzio horrek bere lekua izan behar duela edozein kiroletan eta nazioarteko edozein txapelketa ofizialetan”, diote.
Argazkia Aitortxiki txapelketako bi partiduen artean aterako dute, eta erakutsiko dute “munduko nazio bat dagoela hemen: Euskal Herria”.
