Iragarki panel berriak jarri dituzte herrian zehar
Kartelak autobus geltokietatik kendu nahi ditu udalak, "gardentasuna mesedegarria baita bide segurtasunerako zein sexu erasoak ekiditeko".
Oiartzungo Udalak herriko panel kopuruaren eta haien kokapenaren gaineko azterketa egin du, eta bildutako emaitza horiek oinarri hartuta plangintza bat osatzen eta exekutatzen hasi da. Bide horretan, azaldu dute iragarki panelen flota %20an handitu dutela; alegia, lehen panelak herriko 15 puntutan zeuden, eta orain, berriz, 20 lekutan.
Hori horrela, udala dio bide segurtasun eta genero ikuspegitik “inportantea” dela autobus geltoki garbi eta gardenak izatea: “Sexu erasoen prebentzioan lagundu egiten du horrek, eta udalak bereziki kendu nahi ditu kartelak geltokietatik. Jartzen diren markesina berri guztiak beirazkoak dira”.
Azkenik, nabarmendu dute iragarki panelak jarri eta erabili egin behar direla, eta hori udalaren zein herritarren konpromisoaren ondorio dela. “Elkarlana eskatzen dugu gai honi denon artean erantzuteko”, amaitu du Agustin Lekuona Irastorza alkateordeak.
