Martxan da Materren itsas zeharkaldia
Bilbon hasi da gaur Zero Zabor Uretan kanpaina. Materrek geldialdiak egingo ditu euskal kostaldeko zortzi portutan, jarduerak egiteko. Pasaian hilaren 22tik 24ra bitartean izango da.
Martxan da Materrek sustatzen duen Zero Zabor Uretan kanpainaren zortzigarren ekitaldia. Bilbon hasi da gaur urtero euskal kostaldean egiten den itsas zeharkaldia, Hondakinik hoberena, sortzen ez dena lelopean. Uztailan zehar, Mater ontziak euskal kostaldeko zortzi portutan egingo ditu geldialdiak, eta programazio zabala ondu da horietako bakoitzean.
Materrek Bilbo (hilaren 2tik 4ra), Portugalete (4tik 7ra), Bermeo (7tik 10era), Ondarroa (10etik 13ra), Mutriku (13tik 16ra), Getaria (16tik 19ra), Hondarribia (19tik 22ra) eta Pasaia (22tik 24ra) bisitatuko ditu. Etxekoa izango da azken geltokia.
Ontzi barruan hainbat jarduera egingo dituzte: ontzi museora bisita gidatuak, itsas hondakinak eta mikroplastikoak biltzeko nabigazioak, itsasotik bildutako plastikoarekin sormen birziklatze tailerrak eta itsaspeko zinema ontziko kubiertan, Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloarekin (CIMASUB) lankidetzan.
Lehorrean, aldiz, portu bakoitzean aurrez identifikatutako guneetan hondakin bilketa bat, Itsas erraldoien martxa eta Ni itsas zaindari kanpaina egingo dira. Azken horretan, herri bakoitzeko ikastetxeetako txikienek sortutako mezuak tokiko merkataritzaren erakusleihoetara eramaten dituzte. Horrez gain, Itsas zaindari gunea ere jarriko dute, eta dinamikak eta itsas hondakinei buruzko erakusketak antolatuko dituzte.
Berritasun gisa, Zero Zabor Uretan topaketak egingo dira lehen aldiz. Zortzi hitzordu izango dira, portu bakoitzeko bat, erakundeek, taldeek, administrazioek eta herritarrek itsas hondakinen murrizteari buruz ikasitakoa, erronkak eta irtenbideak partekatzeko gune ireki gisa pentsatuak.
Uztailean zehar garatzen dena hilabete batzuk lehenago herri bakoitzean hasitako lanaren emaitza dela jakinarazi du Materrek: ikastetxean egindako sentsibilizazio hitzaldiak eta herri bakoitzeko haurrek itsaso osasuntsu baten aldeko mezuekin osatutako erakusketa ibiltariak. Egitasmoa, gainera, euskal kostaldetik harago ere errekonozitua izan dela adierazi du eragile pasaitarrak: Zero Zabor Uretan Europako hiru iniziatiba onenen artean hautatua izan da, 13.100 ekintza baino gehiagoren artean.
Hona hemen Pasaiako jardueren egitaraua:
Zero Zabor Uretan Pasaia
Hilak 22, asteazkena
- 19:00-20:00: Itsas erraldoien martxa.
- 22:30-23:30: Urpeko zinema ontzian.
Hilak 23, osteguna
- 11:00-14:00 eta 17:00-20:00: Itsas zaindari gunea.
- 11:00-14:00 eta 17:00-20:00: Bisitak ontzi museora.
- 17:00-19:00: Hondakin bilketa Mater parean.
Hilak 24, ostirala
- 11:00-14:00: Itsas zaindari gunea.
- 12:00-14:00: Bisitak ontzi museora.
- 17:30-19:00: Sormen birziklatze tailerra.
- 19:00-20:30: Zero Zabor Uretan topaketa.
