Erromeria ardatz egun beteko jaia
Ereintzak antolatuta hilaren 18an plazara eramango dute dantza berriro. Egunerako prestatzeko euskal dantza entseguak antolatu dituzte.
Madalenen aurreko larunbata berezia da Errenteria-Oreretan, eta aurten ere hala izango da. Euskal dantza erdigunean jarrita, egun beteko jai koloretsua antolatzen du urtero Ereintza Dantza taldeak eta aurten ere ez du kale egingo. Hilaren 18an ospatuko du egun berezia, dantzari emana, Ereintzak eta harekin batera herritarrek eta baita ere herritik kanpo heldutako euskal dantzen zale asko-askok. Sona handia hartu du egunak herrian, eta herriaz gaindi ere.
Dantza plazara ateratze dute helburu, erromeria giroa sustatzea, herria euskal dantzen bueltan jartzea. Ez da horretarako aditua izan behar, gogoa nahikoa da. Hala ere, trebatu nahi dutenentzat, entseguak antolatu ditu Erromeria Egunari begira Ereintzak. Lehenengoa aste honetan bertan egin dute, asteazkenean; hurrengoak, hilaren 6an, astelehena eta hilaren 13, astelehena ere, egingo dituzte Herri Arte Eskolan 19:30ean.
Erromera Egunean dantza eta musika dira protagonistak, baina egunaren bueltan antolatzen duten bazkaria ere gero eta jendetsuagoa bihurtzen ari da. Aurten ere, hutsik egin gabe, antolatu dute eta hilaren 10 izango da txartelak erosteko azken eguna. Saltokiak, PAki Belardenda, Arkaitza taberna eta online, galdetegia beteta (klik hemen).Haurrentzako menua eta beganoa ere badaude. Helduen menuak 25 euro balio du, eta haurrenak, 15 euro.
Erromeria Eguneko laguntzaile guztiei eman dizkie eskerrak Ereintza Dantza Taldeak, “beraiek ere egun honen parte direlako”.
