Irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea helburu
Udala Trintxerpeko Euskadi etorbidearen eta Hospitalillo eremuaren arteko oinezkoen sarbideak hobetzeko lanak egiten ari da.
Pasaiako Udala Trintxerpeko Euskadi etorbidearen eta Hospitalillo eremuaren arteko oinezkoen sarbideak hobetzeko lanak egiten ari da, “espazio publiko horren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin”.
Besteak beste, sarrera nagusietan maldak egokituko dituzte orain artean soilik eskailerak zeuden tokietan, gehienbat mugikortasun urriko pertsonen joan-etorria errazteko. Horrez gain, bigarren mailako zenbait sarbide ere egokituko dituzte, eskailerak berrantolatuz eta segurtasuna hobetzeko barandak instalatuz.
Trintxerpeko jarduketa horiek udalak “herriko espazio publikoak gero eta irisgarriagoak, seguruagoak eta bizigarriagoak” izateko jardueren aterkipean kokatzen direla jakinarazi du udal erakundeak. Lan horiek 15.420,00 (+3.238,20 BEZ) euroko aurrekontua izango dute.
