Lezoko Udalak eta Bai Euskarari Elkarteak hitzarmena berritu dute
Iker Salaberria euskara zinegotziak eta Irati Arratibel Bai Euskarari Elkarteko teknikariak ziurtagiria duten Lezoko establezimenduen mapa aurkeztu dute.
Lezoko Udalak eta Bai Euskarari Elkarteak hitzarmena berritu dute beste urte batez, eta gaur goizean egin dute berritzearen agerraldia. Iker Salaberria Lezoko Udaleko euskara zinegotziak eta Irati Arratibel Bai Euskarari Elkarteko teknikaria elkartu dira, eta pozez jakinarazi dute lankidetzak aurrera jarraituko duela.
Salaberriak hartu du hitza lehenbizi, eta azpimarratu legegintzaldi hasieratik argi zutela zerbitzu, ostalaritza eta merkataritza esparrua euskalduntzea “lehentasunezkoa” zela. “Euskararen normalizazioan urratsak ematen ari gara herri mailan, baina, era berean, ezinbestekoa da horiek euskalduntzea herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko”. Bide beretik jarraitu, eta gehitu du sinistuta dagoela establezimendu horiek euskalduntzea “zerbitzu horien kalitatea hobetzea ere badela”.
Horretaz gain, azaldu du bi arrazoi nagusirengatik jo zutela Bai Euskarari Elkartearengana: batetik, herritarrek zerbitzua euskaraz non jaso dezaketen identifikatzen duen ziurtagiri sistema bat eskaintzen dutelako, eta, bestetik, elkarteak berak eskaintzen duen laguntza eta aholkularitzagatik.
“Udaletik lankidetza hori hitzartu genuenean adostu genuen ziurtagiriaren trukean establezimenduek ordaindu beharreko kuota gure gain hartzea”.
Aitortza establezimenduei
Salaberriak, azkenik, azpimarratu du aitortza egin nahi diela establezimendu horiei: “Badakigu langile gutxiko establezimenduak izaten direla, eta ahalegin horren aitorpen bat egin nahi genuke”. Lezoko 34 establezimenduk dute Bai Euskarari ziurtagiria, eta euskara zinegotziak nabarmendu du euren nahia dela gero eta establezimendu gehiagok ziurtagiria lortzea.
Bai Euskarari elkartearen izenean Arratibelek hartu du hitza gero, eta kontatu elkarlanaren helburua dela “Lezoko arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzea eta euskararen aldeko konpromisoa duten entitateak aitortzea zein babestea”. Alabaina, eragile berriak ere erakarri nahi dituzte elkartetik euskararen normalizazio prozesura.
Azkenik, gaur gaurkoz Lezon Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduen mapa aurkeztu dute bideo batean. Bertan, aipatutako 34 establezimendu horiek agertzen dira, bakoitzak duen ziurtagiriaren maila zehaztuta. Hiru maila daude orotara:
- Euskararen bidean: euskararen normalizaziorako neurriak hartzen eta garatzen dituzten enpresak.
- Zerbitzua euskaraz: zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresak.
- Zerbitzua eta lana euskaraz: zerbitzua euskaraz eskaini eta euskaraz lana egiten duten enpresak.
