Mugaldeko udalekuak eta udaleku irekiak "arrakasta" izan dute, beste behin
Bi udalekuetan aisialdiaren oinarri hezitzaileak bultzatzen direla diote, bai eta garrantzia eman ere euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriari.
Uda iristeak gauza bat esan nahi du haurrentzat: udalekuak ere iritsi direla. Oiartzungo Udalak bi udaleku antolatzen ditu herritarrentzat: 3-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako udaleku irekiak batetik, eta 14-15 urteko gaztetxoentzat mugaz gaindiko astebeteko udaleku itxi ibiltaria, bestetik. Bi kasuetan, nabarmendu dute aisialdiaren oinarri hezitzaileak bultzatzen direla, eta euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriari lekua egin eta garrantzia ematen zaiela.
Dagoeneko martxan dira udalekuak, eta eskainitako plaza guztiak bete dira. Udaleku irekien kasuan, eskaini baino eskaera gehiago jaso direla diote, eta zozketara jo beharrik gabe guztiak sartzeko lekua topatu dutela. Era berean, nabarmendu dute fokua jarri dutela feminismoan, aniztasunean eta kulturartekotasunean. “Euskara zehar lerroa izan ohi da, baina aurten, euskararen egoera zein den ikusirik Euskal Herrian zein Oiartzunen bertan, udalekuetan lantzeko gai nagusitzat hartu da”.
Bestalde, Mugaldeko udaleku ibiltarian 40 plaza atera dituztela kontatu dute, eta horiek betetzearekin gutxi ez, eta itxarote zerrenda dagoela diote. Hilaren 13an hasiko dute ibilbidea Arantzan, eta hilaren 19an amaitu, Saran. Tartean Urruñatik eta Oiartzundik pasako dira gazteak.
Udaleku horiek Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin elkarlanean, Sara, Urruña eta Bortzirietako Udalekin batera antolatzen dira, eta “euskarazko aisialdia sustatzea, Ipar Euskal Herriko zein hegoaldeko gazteen arteko loturak sendotzea eta norberaren inguruko bazterrak zein kultura ezagutzea” dira helburuak.
