Urkabe Bidean Xorrolaren geltokia jarri dute
Auzoko bizilagunen eskaerari erantzunez, bertan jarri dute Xorrolak herri barruan egingo duen hamazazpigarren geltokia.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, Xorrolak geltoki berria du Urkabe Bidean, Yon Oñatibia etorbideko eta Mendin etxadien artean. Hilaren lehenengo egunean aktibatu zuten geltokia, eta horrekin hamazazpi dira herri barruan egiten dituen geldialdiak.
Auzoko bizilagunek eskatzen zuten geltoki bat izatea bertan, eta udalak horri erantzun dio. Agustin Lekuona Irastorza, alkateordea: “Orain hilabete batzuk egindako proposamena aztertu eta egingarria dela ikusi du udalak eta, beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunei proposamenak egiteagatik eta tokian tokiko beharrak identifikatzen lagundu izanagatik”.
Bestalde, kontatu dute herri barruko udal garraio zerbitzuaren helburuak direla, batetik, Oiartzungo auzoak eta zerbitzu guneak lotzea, bai eta intermodalitatea sustatzea ere Ekialdebus eta Eusko Trenekin loturak eginez: “mugikortasun jasangarria eta garraio publikoa indartzeaz gain, saretzea ere bada xedea, jada martxan diren azpiegiturak optimizatzea, alegia”, dio Lekuonak.
Azkenik, alkateordeak oroitarazi du hasiera eman zaiola berriki Xorrola garraio zerbitzuaren eta horniduraren kontratazio espedienteari, eta beraz ohiko zerbitzua emateaz gain Xorrola berria ere erosiko dutela udazkenean.
