Arrandegi-Andonaegiko igogailuak konpontzen ari dira
Atzo beheko igogailuarekin hasi ziren, eta hilaren 20an goikoarekin jarriko dira. Ateak aldatzen eta mantentze lanak egiten ari da udala.
Trintxerpeko Arrandegi-Andonaegiko igogailuak berritzeko lanak hasi ditu Pasaiako Udalak. Herdoildurengatik, igogailuen ateak egoera txarrean zeuden, eta horiek aldatzen ari dira orain.
Atzo beheko igogailuaren hasi ziren, eta ate guztiak aldatzeaz gain, mantentze lanak ere egingo dituzte. Lanek bi aste iraungo dute, eta 19.141,55 euroko inbertsioa egin du udalak, BEZ barne.
Behekoarekin bukatu ondoren, hilaren 20an goiko igogailuarekin hasiko dira. Behekoan bezala, goikoan ere ateak aldatu eta mantentze lanak egingo dituzte. Lanek ere bi asteko iraupena izango dute, eta 8.902,87 euro inbertitu ditu udalak, BEZ barne. Orotara, 28.000 euro inguru inbertitu ditu udalak bi igogailuak berritzeko.
Lanek irauten duten bitartean ezin izango dira igogailuak erabili, eta udalak barkamena eskatu die herritarrei, sortutako eragozpenengatik.
