Espainia eta Frantziako selekzioen kontrako murala egin du Ernaik
Irailaren 13an nazio mobilizazioa antolatu du Ernai gazte antolakundeak Donostian, 'Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez!' lelopean.
Oreretako Ernaik egindako murala.Oreretako Ernai Murala egin du Oreretako Ernaik Espainiako eta Frantziako selekzioen kontra. Mural hori testuinguruan jarri du gazte erakundeak eta hala, azaldu du, Munduko futbol txapelketa “estatu zapaltzaileen propaganda eta nazio asimilaziorako bitarteko” bihurtzen ari dela berriro, “milaka gazteren emozioak Espainia eta Frantziako banderaren eta bertako nazionalismoaren mesedetan kanalizatzen diren bitartean, Euskal Herriari ukatu egiten zaio nazio gisa existitzeko eta gure selekzioarekin lehiatzeko eskubidea”.
Hori horrela, gogor salatu du, kirola ere “gatazka politikorako” eta “asimilaziorako” tresna bihurtzen dela.
Futbolaren testuingurua egungo une politiko eta ekonomikoaren isla dela gaineratu du: “Garai erabakigarriak dira egungoak, kapitalismoaren metaketa fase baten bukaera eta beste baten hasiera bizi dugu, eta askotariko erronkak ditu Euskal Herria bezalako herri txiki eta zapaldu batek”. Irtenbide baztertzaile eta atzerakoiak nagusitzen ari direlako kezka azaldu du gazte erakundeak, “sistema kapitalistaren oinarrizko printzipioak zalantzan jarri gabe, sistema kapitalistaren bertsio basatiago eta autoritarioagoa bati bide emanez, faxismoaren gorakada eta estatuen zentralizazio estrategiekin batera”.
Bukatzeko, konpromisoa hartu du Ernaik Euskal Herria “askatasunera eraman” eta “Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizi dadin”. Horregatik, “garaiak eskatzen duen neurriko bultzada emateko” mobilizatzera deitu du ikasturte hasieran, eta horrenbestez, irailaren 13an Donostian Euskal Herria Irabaztera. Faxismoari ez! leopean antolatu duen nazio mobilizaziora deitu du.
