Madalenetako programak banatzen bihar hasiko da udala
Festak berdintasunean eta aniztasunean goza ditzaten eskatu die herritarrei Aizpea Otaegi alkateak: "Erakutsi diezaiogun elkarri maitasuna eta errespetua, babes dezagun elkar eta konprometitu gaitezen guztiontzat askeak eta berdinzaleak izango diren festekin. Izan dadila herria eredugarri".
aurtengo madalenetako egitaraua aurkeztu dute udalbatzako kideek. Bihartik, asteazkena, aurrera hasiko da udala madalenetako jai egitarauak banatzen. Gaur aurkeztu dute ofizialki Aizpea Otaegi alkateak, Bernar Lemos alkateordeak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, eta Isaac Palencia eta Elixabete Murua oposizioko zinegotziek jaien egitaraua, hamalau egun barru txupinazorako lepo izango den Herriko Plazan.
Madalenak “herri gisa garena ospatzeko eta gure arteko harremanak estutzeko urteko egunik garrantzitsuenak” direla adierazi du bertan alkateak. Egun horiek herritar guztien gozamenerako antolatzen badira ere, atzean hilabeteetako lana dagoela jarri du nabarmen, eta ildo horretan, madalenak posible egiten dituzten pertsona eta eragile guztien lana balioan jarri du Otaegik. Bereziki, Jai Batzordeko kideei, Haurren Jai Batzordeari, Udal Eskola Kontseilu Gazteari eta jaiak antolatzen eta aberasten parte hartzen duten herritar guztiei eskerrak eman dizkie, “haien inplikaziorik gabe Madalenak ez liratekeelako gaur egun direnak izango”.
Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata aurtengo omendua zoriondu du, bestalde, udal agintariak. Gogorarazi du omendua herritarren proposamenetatik abiatuta eta ausaz osatutako herritarren batzorde batek aukeratu duela, eta nabarmendu du herriko kulturarekin eta jaiekin duen lotura estua, belaunaldi ezberdinentzako musikaren erreferente izatea eta urte hauetan guztietan herriarekiko erakutsi duen konpromisoa. Horregatik guztiagatik, adierazi du “aurten merezi duen aitortza jasoko duela, herri honi emandako maitasun guztia bueltan jasotzeko unea izango da”.
Amaitzeko, festak berdintasunean eta aniztasunean goza ditzaten eskatu die herritarrei: “Erakutsi diezaiogun elkarri maitasuna eta errespetua, babes dezagun elkar eta konprometitu gaitezen guztiontzat askeak eta berdinzaleak izango diren festekin. Izan dadila herria eredugarri”.
Bestalde, Maite Gartzia Kultura zinegotziak txupinazoaren inguruko xehetasunak eman ditu. Adierazi duenez, hilaren 21ean, 19:00etan, Herriko plaza adin guztietako herritarren topagune bihurtzea da helburua. Dena den, txupinazoa bertatik jarraitzearekin batera: aurten ere egingo dira Mila koloreko txupinazo txikia eta Holi festa, eta ekitaldia Zumardian jarriko den pantaila erraldoiaren bidez ere ikusi ahal izango da. Horrez gain, une berezi hori zuzenean jarraitzeko aukera izango da Herri Bizia webgunearen streaming bidez.
Bukatzeko, aurtengo musika programazio zabala nabarmendu du, eta horren harira egindako kartela erakutsi du zinegotziak.
Programa, paperean eta digitalean
Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira bai egitaraua, eta baita poltsikorako bertsioa ere. Banaketa Udaletxeko arkupeetan egingo dute bihar asteazkena, ostegunean eta ostiralean 10:00etatik 13:00etara. Gainera, hurrengo lekuetan ere egongo dira eskuragarri: udaletxean, Aldakonean, Lekuona Fabrikan, Galtzaraborda, Fanderia eta Beraungo kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan. Herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten.
Guztira 9.400 ale argitaratu dituzte paperean, eta beste hainbeste poltsikorako formatuan. Digitalean, berriz, udalaren web orrian aurkitu ahal izango da informazio guztia (klik hemen).
Aurrerapen gisa entzun ahalko direnetako batzuk jaien barruan: Anari, Putas Amak, Skabidean edota La Fulana. Horiek batzuk baino ez, 55 kontzertu izango direlako denera.
