Altzate igerilekuko leihoetan, pegatinak
Txoriek bertako leihoetako kristalen kontra jo ez daitezen jarri dira eranskailuak. Bederatzi leihotan jarri dituzte.
Altzateko leihoetan, pegatinak jarrita.Lezoko Udala Txoriek Altzate igerilekuko leihoetako kristalen kontra talkarik egin ez dezaten, pegatina edo eranskailu zuri bertikalak jarri ditu Lezoko Udalak kirol azpiegituraren bederatzi leihotan. Izan ere, txoriek maiz ez dituzte leiho horiek oztopo bezala identifikatzen, horietan inguruko zuhaitzak edo zerua bera islatzen direlako; horren ondorioz, gogor jo dute hainbat hegaztik beira zati horien kontra, eta askotan larri zauritu edo hil egin dira.
Hegaztiek sufri ez dezaten irtenbide erraz, merke, eta eraginkorra da eranskailuena. “Orain arte ohikoa izan da leihoetan hegaztien siluetak jartzea kolpeak saihesteko, baina azken urtetako ikerketen arabera, irtenbide hori ez da behar bezain eraginkorra. Igerilekuan ezarritako pegatinen diseinu eta koloreek gida profesionalak eta gomendio teknikoak jarraitzen dituzte. Irtenbide sinplea eta eraginkorra da eta eraikin eta azpiegitura askotan hegaztien heriotzak gutxitzen laguntzen du”, zehaztu du udalak.
Hasiera batez bederatzi leihotan jarri dituzte pegatinak, baina ziur aski gehiagotan ere ezarriko dituzte: “Ekintza honen bidez, Lezoko Udalak tokiko biodibertsitatea babesteko eta udal-eraikinak fauna basatiarentzat seguruago bihurtzeko konpromisoa berretsi du”.
