Errenta aitorpena euskaraz egiteak saria eman die
2025eko errenta aitorpena euskaraz egin dutenen artean zozketa egin dute eskualdeko udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez.
Lau herrietako sari emate ekitaldienak dira ondoko irudiak. Azken urteetan eskualdeko lau udalen ordezkaritza duen Oarsoaldeko Euskara Batzordeak ogasunaren aurrekoak euskaraz kudeatzeko deia egin du. Aurten ere hala izan da. 2025eko kontuak euskaraz egin dituztenak asko izan dira eskualdean, eta batzordearen ekimenez, hizkuntzak administrazio publikoetan tokia irabazteko hautua egin dutenen artean zozketa egin da, bat udalerriko. Hilaren 6an egin zen zozketa hori, eta saridunen berri eman dute.
Errenteria-Oreretako saria Izaskun Calvorentzat izan da, eta Olibet jatetxean otordua irabazi du. Saria, Olibeteko Idoia Artolaren eta Errenteriako Udaleko Hizkuntza Berdintasuneko zinegotzi Leire Maziziorren eskutik jaso tu Calvok.
Lezoko sariduna, berriz, Axier Irastortza izan da: ogasunaren aurrekoak euskaraz lantzeagatik Sagar-Zulo jatetxean otordua egin du bere. Iker Salaberria Lezoko Udaleko Euskara zinegotziak eman zion otordurako txartela.
Judith Arruabarrena izan da Oiartzungo zorteduna. Intxixu jatetxean gozatu ahal izango du otorduaz; saria Aiako Gaztelumeni Euskara zinegotziak eman zion.
Pasaian, aldiz, Rafa Oterorentzat zozketa bidezko saria. Donibaneko Pari Berri jatetxeko otordua egokitu zaio Oterori. Saria, Laura Ré Euskara zinegotziak eta RKA aholkularitzako Angela Badiolak eman zioten.
Behean, sari emate ekitaldien irudiak ikus daitezke.
Egitasmoaren bidez, Oarsoaldeko udalek herritarren eta administrazioaren arteko harremanetan ere euskararen erabilera sustatzen jarraitu nahi dute. Horregatik, datorren urtean errenta aitorpena oraindik gaztelaniaz egiten duten herritarrak euskaraz egitera animatu dituzte: “Izan ere, administrazioarekiko eguneroko izapideetan euskara hautatzea keinu txikia izan daiteke, baina hizkuntzaren presentzia eta erabilera sendotzeko urrats garrantzitsua da”.

