"Bizikidetzarekin, eta elkarrekiko errespetuarekin konprometituta dagoen udalerria da gurea"
Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, atzoko Kaputxinoak auzoko gertaeraren gaineko adierazpen instituzionala egin du.
Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, atzoko Kaputxinoak auzoko gertaeraren gaineko adierazpen instituzionala egin du. 33 urteko gizon bat arma zuriz eraso eginda hil zuten atzo auzo horretan. 23 urteko gizon bat atxilotu zuen gertakariarekin lotuta.
Lehenik eta behin atsekabea adierazi du udalak “bizitza bat galdu delako”, eta doluminak eman dizkie, “bihotzez”, biktimaren familiari, lagunei eta haren hurbilekoei.
Halaber, arbuio irmoa adierazi du “gure herrian asaldura handia eragin duten gertaera larri horiek direla eta. Ezein gatazka edo eztabaida, sorburua edozein duela ere, ezin da inola ere indarkeriaren bidez konpondu”.
Arma zuriak erabiltzea eta eramatea arrisku “onartezina” dela ere esan du adierazpen horretan, “halako armak bateraezinak dira errespetuan, segurtasunean eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetzarekin”.
Herritarrengan hain gertaera larriak sortzen duten “artegatasunaren” jakitun, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du udalak, Errenteria-Oreretako auzo guztietan prebentzioa, segurtasuna eta bizikidetza indartze aldera, gainerako erakunde eta gizarte eragileekin lankidetzan: “Abian diren ikerketak errespetatuz, erabat arbuiatzen ditugu gertaera larri horiek, eta guztiz argituko direlakoan gaude. Horregatik, gizarte bidezko, seguru, errespetuzko eta kohesionatu baten aldeko konpromisoa berresten dugu, eta erabat arbuiatzen dugu indarkeriazko gertakari hori”.
Errenteria-Orereta bizikidetzarekin, elkarrekiko errespetuarekin eta gizarte-kohesioarekin konprometituta dagoen udalerria dela jarri du nabarmen udalak adierazpen horretan, eta hori horrela, atzo gertatutakoak ez direla gizarte gisa partekatzen eta defendatzen dituzten balioen erakusgarri esan du.
Azkenik, hartutako konpromisoa berretsi du, “hots, jarraituko dugula herritarrekin batera eraikitzen udalerri bat, zeinean bizikidetza, errespetua eta elkarrizketa izango diren gure komunitatearen oinarri nagusiak”.
