Babesgune klimatikoen gaineko ekarpenak egin ditzakete herritarrek
Udan bizilagunek ekarpenak egiteko aukera izango dute galdetegi baten bidez –albistean dago–. 2027ko udaberrian aurkeztuko dute sarea.
Joana Mendiburu Garaiar alkatea eta Ander Santesteban Urrate ingurumen teknikaria. Oiartzungo Udala Oiartzungo Udala hiriguneko babesgune klimatikoak identifikatzen eta horiekin mapa bat osatzen ari da klima aldaketari eta beroaldiei aurre egiteko neurri gisa. Hori horrela, aire zabaleko zein eremu itxietako aterpe klimatikoekin ari da osatzen sarea Elizalde, Arragua, Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo auzoetan, eta proiektuaren erdigunean herritar zaurgarriak jarri dituzte, hala nola, adineko pertsonak, haurrak, arnas gaixotasunak dituztenak edota haurdun dauden emakumeak.
Urtarriletik apirilera bitartean proiektua definitu eta testuinguruan kokatzeko lanak egin dituzte, bai eta auzoetako mapa termikoak ere “beroarekiko sentikorrenak diren puntuak identifikatzeko”. Behin emaitzak esku artean izan dituztenean, aire libreko zein eremu itxietako babesgune klimatikoen banan banako eta lekuan lekuko azterketak egin dituzte. Era berean, zerrenda eta mapa bat osatu dituzte eskuratutako informazio eta datuekin. Aipatutakoak ekainaren amaieran aurkeztu zituzten, eta orain, udan, herritarrek ekarpen gehiago egiteko aukera izango dute galdetegi honen bidez.
Diotenez, herritarren ekarpenak biltzen dituztenean udal ordezkari eta teknikariek egindako lana doituko dute, eta denek eskura izateko euskarri eta bitartekoak sortuko dituzte.
Jakinarazi dute 2027ko udaberrian aurkeztuko dutela babesgune klimatikoen sarea.
