Aitor Gomezen garaipen beroa Galizian
Automobilismoko Mendiko Espainiako Txapelketako laugarren proba ere bere egin du gidari lezoarrak. Esku-eskura du sailkapen nagusian lehena izatea.
Aitor Gomez, garailearen trofeoa eskuan duela Galizian.Aitor Gomez Automobilismoko Mendiko Espainiako Txapelketako laugarren proba jokatu zen asteburuan Chantada (Lugo, Galizia) herrian, Ribeira Sacra Igoera. Aitor Gomez Martiarena lezoarrak bere klaseko garaipena lortu zuen han, sasoiko hirugarrena; txapelketako laugarren proban, Kanaria Uharteetakoan, ezin izan zuen parte hartu han izateko gastuak eta azpiegituren kudeaketa gehiegizkoak zirelako. Hala, izan den hiru igoeretatik hirurak irabazi ditu gidari lezoarrak, eta beraz, esku-eskura du bere klaseko Espainiako Txapelketa, proba bakarra falta delako, irailaren 26-27 artean Alacanteko (Herrialde Katalanak) Onilen egingo dena hain zuzen ere.

Aitor Gomez (auto barruan), bere anai Aritzekin (mekanikoa da) eta Aintzane Escudero bikotekide eta laguntzailearekin.
Bero joan zen asteburua Galizian, Gomezek kontatu duenez. Autoentzako kondizio oso latzak izan ziren Chantadan, beroagatik mekanikek ez zutelako behar bezalako errendimendurik eman. Gainera, larunbateko entrenamenduetan arazo mekanikoak izan zituen bere Citroen AXean gidari lezoarrak. Hala ere, larunbateko igoera kronometratuetan emaitza politak lortu zituela adierazi du, bere klaseko beste lau partaideak atzean utziz. Igande goizeko igoeretan, eguraldi freskoagoarekin, larunbateko emaitzak hobetu eta bere kategorian lehena izan zen.
Espainiako Txapelketako azken proba irailaren 26-27 artean du Gomezek. Sailkapen nagusian puntuetan oso nabarmen doa aurretik, beraz, esku-eskura du lehenengoz parte hartzen ari den txapelketa. Dena dela, zalantza du; izan ere, irailaren 19-20 artean Jaizkibelgo igoera jokatuko da, haren etxe ondoko igoera kuttuna. “Jaizkibelen parte hartzen badut, eta arazo mekanikoren bat sortzen bada, zaila izango litzateke egun gutxian hura konpondu eta Onileko azken probarako prest izatea. Zalantzak ditut Jaizkibelen parte hartu ala ez”.

Gomez, bere Citroen AXarekin Ribera Sacran lehiatzen.
