Antxillastegi festa eremu bihurtuko dute berriro
Aro berriko hirugarren Gaintxurizketako Festak egingo dituzte abuztuaren 14tik (ostirala da) 16ra Antxillastegiko eremuan.
Auzokideen arteko desafioa abuztuaren 15ean izango da. Gaintxurizketako Auzo Elkartea Aro berriko hirugarren Gaintxurizketako Festak egingo dituzte abuztuaren 14tik (ostirala da) 16ra Antxillastegiko eremuan. Aro berria da, bai. Izan ere, 2024an berreskuratu zituen Gaintxurizketako Auzo Elkarteak Lezoko landa eremuko auzoko festak, 11 urteko etenaldiaren ondoren. Aro zaharreko jaietako ekitaldiak Elortegi jatetxearen inguruan izaten ziren; han egin zituzten aro berriko lehenak (2024koak) ere bai. 2025etik, ordea, auzotarrek elkarlanean berreskuratu duten Antxillastegi da festen erdigune. Eder utzi dute ingurua.

2024ko festetako herri bazkaria. Argazkia: Gaintxurizketako Auzo Elkartea
Hiru egun horietarako 20 ekitaldi inguruko jarduera sorta prestatu dute jada auzokideek. Hasteko eta behin, herri eta auzo guztietan bezala, suziriaren jaurtiketa egingo dute abuztuaren 14ko 18:00etan. Lezon, eta Gaintxurizketako Bidasoko aldean ere ziur entzungo dela eztanda. Denentzako festak dira hangoak: haurrek, helduek eta adinekoek badute txokoren bat gustura egoteko. Hala, txupinaren jaurtiketaren ondoren txikienek tokan punteria probatzeko aukera izango dute (19:30). Horren ondoren, afari autogestionatua eta Metabertsoa jarduera (22:00) izango dira.
Tokarekin hasiko da larunbata (abuztuaren 15a), kasu honetan, helduen txapelketarekin (11:00). Horren segidan, jada ezinbesteko den ekitaldia Antxillastegi aldean: auzokideen arteko desafioa. Bi taldek herri kiroletan neurtuko dituzte indarrak; ez daitezela asko berotu, ondorengo auzo bazkarirako duin izan behar dutelako (bertan izateko tiketak hilaren 23an eta abuztuaren 3an jarriko dituzte salgai Antxillastegin, 17:00etatik 19:00etara).
Abuztuaren 15eko arratsaldea jolasekin, Lezoko buruhandiekin eta otartekoen afariarekin luzatuko dute. 22:00etan, eta zezensuzkoaren ondoren (23:00), Elustondo anai-arreben trikiti doinuekin erromeria izango da.
Jaietako hirugarren eguna
Hirugarren eta azken eguna izango da, baina ez makalena. Abuztuaren 16a ere (igandea da) ekitaldiz josi du Gaintxurizketako Auzo Elkarteak: 11:00etan, haurren pilota topaketa izango da; 12:00etan, patata tortilla txapelketa eta auzoko baserrietako sagardo dastaketa; 13:30ean, errifen zozketaren txanda; eta 16:30etik, truk txapelketa handia. Eguna eta festak bukatzeko, Orratx! Antzerki Taldeak Jaietako hirugarren eguna obra eskainiko du Gaintxurizketako publiko zorrotzaren aurrean.
Beheko koadroan, festen egitarau oso-osoa.

2026ko Gaintxurizketako Festak. Egitaraua.
Abuztuak 14, ostirala
- 18:00. Suziriaren jaurtiketa, eta apar festa.
- 19:30. Haurren toka txapelketa (izen ematea 19:15etik).
- 20:30. Afari autogestionatua.
- 22:00. Metabertsoa.
Abuztuak 15, larunbata
- 11:00. Toka txapelketa (izen ematea 10:45etik).
- 12:30. Auzokideen arteko desafioa.
- 14:00. Auzo bazkaria. Txartelak Antxillastegin salgai uztailaren 23an eta abuztuaren 3an, 17:00etatik 19:00etara.
- 17:00. Haur eta helduentzat jolasak.
- Ondoren. Merienda eta Lezoko buruhandiak.
- 20:30etik. Otartekoak afaltzeko aukera.
- 22:00. Elustondo anai-arreben erromeria.
- 23:00. Zezensuzkoa.
- Ondoren. Elustondo anai-arreben erromeriaren jarraipena.
Abuztuak 16, igandea
- 11:00. Haurren pilota tipaketa (izen ematea 10:45ean itxiko da).
- 12:00. Patata tortilla txapelketa. Partaideek etxetik eraman behar dute tortilla, 12:00ak arte.
- 12:00. Auzoko baserrietan egindako sagardoaren dastaketa.
- 13:30. Errifen zozketa.
- 16:30. Truk txapelketa. Izen ematea 16:15ean itxiko da. Prezioa, 15 euro bikoteko; errepeska ere badago.
- 19:00. Orratx! Antzerki Taldearen saioa: Jaietako hirugarren eguna.
