Klima aldaketari aurre egiteko 120 proposamen Oarsoaldean
BateraLabs egitasmoaren barruan landu dira proposamenak. Aurrera begira, ideia horiek proiektu bihurtzea da asmoa.
BateraLabsen aste honetako saiokoa da irudia.Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduak eta Naturklima Klima Aldaketaren Fundazioak sustatuta, BateraLabs prozesuaren barruko bi saio egin dituzte Oarsoaldean. Bertan gizarte, ekonomia eta erakunde arloko hogei ordezkari ari dira parte hartzen. Aste honetan egin dute bigarren saioa, eta orotara klima aldaketari aurre egiteko 120 proposamen egin eta jaso dituzte bi saioen artean. Orain, aurrera begirako lana izango da ideia edo proposamen horiek proiektu edo ekintza zehatz bilakatzea.
Oarsoaldera begirako neurriak dira ehundik gorako horiek. Aldundiko Jasangarritasun Departamendutik azaldu dute horiekin aurrera begirako bide-orria osatu nahi dela. Horregatik, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak adierazi du klima-ekintza lurraldetik eraiki behar dela: “Eskualde bakoitza bertan bizi diren pertsonek ondoen ezagutzen dute, eta haiei entzuteak aukera ematen digu eraginkorragoak, erabilgarriagoak eta tokian tokiko errealitatera hobeto egokitutako irtenbideak diseinatzeko”.
Bi saio eginda, hirugarren eta azken saio bat egingo dute. Parte hartzaileek erabakiko dute zer proiektu gauzatu.
Arloak
Mugikortasun jasangarria izan da parte hartze prozesuan ekarpen gehien jaso dituen arloetako bat. Lehentasunen artean daude garraio publikoa hobetzea, industrialdeetarako loturak indartzea, bidegorri-sarea zabaltzea eta mugikortasun partekatua nahiz mugikortasun elektrikoa sustatzea.
Trantsizio energetikoak ere protagonismo handia izan du, energia-komunitateak bultzatzea, eraikin publiko eta pribatuetan eguzki-energia hedatzea eta eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzea helburu duten proposamenekin.
Klima-aldaketara egokitzea ere eztabaidaren ardatz nagusietako bat izan da. Parte-hartzaileek hirietako zuhaitz kopurua handitzea, babesleku klimatiko berriak sortzea, berdeguneak zabaltzea eta mendi nahiz naturaguneen kontserbazioa indartzea proposatu dute, eskualdea tenperatura igoeraren eta muturreko fenomeno meteorologikoen aurrean prestatzeko.
Era berean, hondakinen kudeaketak eta ekonomia zirkularrak garrantzi handia izan dute. Herritarrek hondakinen sorrera prebenitzeko, birziklapena indartzeko, berrerabilera sustatzeko eta kontsumo-ohitura jasangarriagoak bultzatzeko neurriak proposatu dituzte.
Natura ondarearen kontserbazioari dagokionez, Oiartzun ibaiaren leheneratzea, Jaizkibel eta kostaldearen babesa, biodibertsitatea sustatzea eta baso suteen prebentzioa izan dira proposamen nagusietako batzuk.
