Xenpelar Bertso Eskolako zuzendaritzaren "jarrera konplizea" salatu dute
Irakaslearen erasoen atzean, horiek urteetan egiten jarraitzeko ezinbestekoa izan den "konplizitatea" seinalatu dute gaiaren gaineko ikerketa egin duten hainbat herritarrek eta ondorio garbia atera, "konplizeak Xenpelar Bertso Eskolaren parte diren bitartean, bertso eskola ez da gune segurua izango".
Maiatzaren 30ean irakasleak egindakoe erasoak salatzeko elkarretaratzearen irudi bat. Maiatzaren hondarretan egin zuten publiko Errenteria-Oreretako Xenpelar Bertso Eskolaren barruko irakasle batek bere posizioa eta erreferentzialtasuna erabili dituela urteetan modu sistematizatuan botere harremanak garatu eta erasotzeko. Erasoak jasan dituztenak, adingabeak dira. Irakaslearen kontrako salaketa zabalagoa egin dute orain. Gaiaren gaineko ikerketa egiten ari dira hainbat herritar, eta HITZAren eskura informazio gehiago jarri dute. Hedabide honentzat erabat fidagarriak dira iturri horiek, eta haiek hala eskatuta anonimotasuna bermatuko du.
Irakaslearen erasoen atzean, horiek urteetan egiten jarraitzeko ezinbestekoa izan den “konplizitatea” seinalatu dute iturri horiek, eta ondorio garbia atera: “Konplizeak Xenpelar Bertso Eskolaren parte diren bitartean, bertso eskola ez da gune segurua izango”.
Konplizeek bertso eskolaren barruan zuten ardura zehaztu dute iturri horiek, eta bost lagunen gainean jarri dute fokua: diruzaina, lehendakaria, idazkaria, zuzendaritzako laugarren kidea, eta gutxienez hamar urtez ikasle izandako gazte bat. Horiei guztiei egotzi diete erasotzailea babestea, hura eskolatik ez baztertzea, eta erasoak argitara ateratzean erasotzailearen jarreraren gaitzespenik ez egitea.
HITZAren eskura jarritako informazioaren bidez, azken hilabeteetan argitara ateratako kasuaren ostean, 2018an jarritako eraso matxistagatiko salaketaren ondoren erasotzaileari babesa eman dioten konplizeen jarrerak salatu nahi dituztela esan dute argi. Gogorarazi dute 2018an egindako erasoak onartu zituela erasotzaileak, baita bertsolaritzatik guztiz aldentzeko konpromisoa hartu ere, “hitzartutakoa, baina, etengabe hautsi du orduz geroztik, konplize batuen laguntzaz”. Azken urteetan batez ere, bertsolaritza komunitatearekin harreman handirik ez duela izan herriko bertso eskolak, eta bere barruko dinamika garatu duela azaldu dute informazioa eman duten iturriek, eta urtero biltzen diren datu estatistikoetan ere, “datu okerrak” eman dituela, “erasotzailearen irakasle jarduna ezkutatuz”. Gehiago sakondu dute alderdi horretan, eta 2018 eta 2024 urteen artean datu trukaketa hori eskolako diruzainaren bidez egin duela azaldu dute: “Hark informazio okerra bidali du erasotzailea irakasle lanetan aritu dela ezkutatu asmoz. Irakaslea, erasotzailea ez den zuzendaritzako kide bat izan dela adierazi izan baitute, hura ere konplize bihurtuz”.
Ondorio larria hortik atera dutena. “Sei urte horietan bertso eskolako zuzendaritzako kide horren eta diruzainaren babesa izan du erasotzaileak esparru informaletan, jarrera desegokiak garatuz. ArkaHitzak egitasmorako ekitaldiak lotu, edo eta, erasotzailearen ikasleen bertso saioetara joaten saiatu izan da. Zuzendaritzako kide guztiek ikusi dituzte erasotzailearen jarrera desegokiak ikasle gazteekin gune informaletan, eta beste alde batera begiratzeko joera izan dute beti”. Jarrera hori, salaketa publikoak argitara ateratakoan ere mantendu zutela gaineratu dute.
Bakarkako bertso klaseak
Duela hamar urte Xenpelar Bertso Eskolan hasitako ikasle gazte batengan ere jarri dute fokua. Horri zehazki erasotzailearen iragana ezagutu eta harekin hitzarturikoa aurrez jakin arren, bertso eskolako neska gazteei egoeraren berri sekula eman ez izana egotzi diote. Gertaera larriago batekin ere lotu dute: neska gazteak erasotzailearekin batera bakarkako bertso klaseak jasotzera bideratu izana. Salaketa publikoa egin aurretik bertso eskolako neska gazteekin harremana etetea eta erasotzailearekin harremana mantentzea ere leporatu diote.
Datu gehiago eman dizkiote HITZAri ikerketa bideratu duten iturriek. 2018an erasotzaileak hartutako konpromisoak betetzen ez zela ari 2024an jakin zela adierazi dute, urte horretan bertso eskolako bi ikaslek izandako elkarrizketa baten harira: “Erasotzailearekin hitz egin zen orduan, egindako erasoak aitortu zituen, eta konpromiso berriak hartu zituen. Xenpelar Bertso Eskolako diruzainari erasotzaileari ezarritako neurriak azaltzeko bilera egin zen, eta konpromiso horiek zuzendaritzarik beteko zirela bermatzeko eskatu zitzaion”. Diruzainak erasotzailea esparru formal zein informaletik aldentzeko konpromisoa hartu zuela gaineratu dute iturriek, “baita adingabeekin zuen harremana erabat haustekoa ere, eta diruzainaren esku geratu zen zuzendaritzari jakinaraztea”.
Hala ere, erasotzaileak adingabeei bakarkako zein taldekako eskolak eman izan dizkiela baieztatu dute ikerketaren egileek, “konplizeen babespean, eta ez zen gune informaletatik aldendu”.
Aurtengo maiatzean dena argitara atera zenean, bertso eskolako zuzendaritzak izandako jarrera ere esanguratsua izan da azterlana eta gertaeren kronologia bildu duen herritar taldearentzat: “Errenteriako Udala, bertso eskolako lehendakariarekin harremanetan jarri zen eta erasotzailea, bertso eskolako esparrutik guztiz baztertzeko eskatu. Horren aurrean bilera egin zuten lehendakariak, diruzainak, idazkariak eta laugarren kideak, baina ez ziren kide guztiak deituak izan, eta ez zuten egungo irakaslea deitu, salaketa publikoaren parte zela bazekitelako”.
Xenpelar Bertso Eskolako lehendakariak gaiarekiko “hartu duen distantzia” eta “biktimekiko babesik eza” ere nabarmen jarri dute: “Hori bai, lehendakaria zuzendaritzako konplizeekin bildu zen behin baino gehiagotan dena publiko egin zen aste horietan eta, gainera, udalak eman zion informazioa ez zuen zuzendaritza osoarekin partekatu, konplizeekin bakarrik”. Argi esan dute: “Horrek ere, bera konplize bihurtzen du”.
Mahai gainean jarritako informazio guztiaren frogak izateaz gain, salaketa publiko egin zen unetik egindako elkarretaratzeetan edo beste edozein esparrutan ez dela aipatutako konplizeen babesik jaso, eta publikoki ere ez dutela erasotzailearen jarrerarik gaitzetsi adierazi dute, “erasotzailea babesten duten enegarren froga hauxe. Honek guztiak argi uzten du konplizeak Xenpelar Bertso Eskolaren parte diren bitartean, bertso eskola ez dela gune segurua izango”.

