78. Xanisteban Txirrindulari Saria, igandean
Doneztebe plazatik abiatuko da lasterketa 10:00etan, eta orotara 112 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek.
Igandean, hilak 26, jokatuko da Xanisteban Txirrindulari sariaren 78. ekitaldia, eta gaur goizean aurkeztu dute berau Oiartzunen. Txomin Perurenaren oroimenezko ekitaldia da, eta orotara txirrindulariek 112 kilometro egin beharko dituzte.
Kontatu dutenez, etengabe arituko dira herriari itzuli desberdinak ematen, baina aipagarriena Arpideko bideko gaina dela diote, hirutan igo beharko baitute azken hogei kilometrotan.
Euskal Herriko elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariak elkartuko dira Oiartzungo hitzorduan; tartean, Aimar Fernandez de Gorostiza eta Iñigo de Migel oiartzuarrak. Alabaina, nazioarteko txirrindulariak ere izango direla diote.
Azkenik, OTXEk pazientzia eskatu die igande goizean errepidea erabili behar duten gidariei. Hots, ohartarazi dute Donostiako autobus zerbitzua ere Oiartzunen eten egingo dela lasterketak iraun bitartean, eta Lartzabaleko geltokia izango dela normaltasunez arituko den geltoki bakarra.
