Kukaña, bertan behera
Itsasgoran ez du nahikoa ur hartu Oiartzun ibaiak kukaña berme guztiekin egin ahal izateko, eta bertan behera utzi du OaingozHau mugimenduak egiten hasi zenetik lehenengo aldiz.
Jende ugari gerturatu da Oiartzun ibaiaren bi aldeetara.Ximun Leturia Lete Pena handiz hartu dute erabakia, baina Oiartzun ibaiak ez zeukan ur nahikorik itsasgoran kukaña bermeekin egin ahal izateko. Lehen aldia da jarduera bertan behera uzten dutela antolatzen hasi zirenetik, baina 13:00etan hasi behar zuten eta 13:30ean oraindik 60 zentimetro falta zitzaizkion ibaiari gutxieneko bi metroko sakonera izateko.
Borja Arbelaitzek, urtero-urtero kukañan aurkezpen eta girotze lanak egiten dituen Xenpelar AEK eta OaingozHau mugimenduko kideak, eman du erabakiaren berri, Gurutze Gorriko boluntarioak ibaiaren sakonera neurtzen ari ziren bitartean. Lastima, herritar andana bildu baita Oiartzun ibaiaren bi aldetara enborraren gainean irristaka erortzea saihestuz ibiltzen diren parte hartzaileak animatu eta Arbelaitzen jarioarekin disfrutatzera. antolatzaileek azaldu dutenez, bi metro behar izaten dira, gutxienez, kukaña segurtasunez eta berme guztiekin egin ahal izateko; neurri horretara heltzeko 60 zentimetro falta ziren itsasgora betean. Eguraldiak, hau da azken hilabeteko bero boladek, eta euri faltak ere izan dute horretan zerikusirik antolatzaileek zehaztu dutenez.
Eskerrak eman dizkiete, bertaratutako ikusleen txaloen artean, aurtengo kukañan parte hartzeko izena emana zuten Julen Oscoz, Teo Vallejo, Xabat Agote, Malen Castaño, Maddi Insausti, Ohian Irazu, Ander Chaslo, Haritz Dadie, Hodei Oroz, Ekain Alzugarai, Naroa Etxeberria, Ekhi Insasuti, Saioa Otegi eta Auritz Etxebesteri.
Datorren urtera arte itxaron beharko dute.
