Konstantzia, 200 urtez Donibane girotzen
Sanjuandarren kultur esparruan erreferente handienetakoa da Konstantzia banda. Santioetan hainbatetan izango da kaleetan.
Konstantzia banda, Santiago plazan.Konstantzia Urtero bezala, santioak edukiz beteta iritsi dira Donibanera. Gaurtik (ostirala) hasita, sanjuandarrek jarduera mordoa topatuko dituzte Pasaiako azken jaiez gozatzeko. Herritarrekin batera, bi mendez Donibanen fidel mantendu den talde batek girotuko ditu santioak aurten ere. Talde hori Konstantzia banda da.
Konstantzia duela 200 urte Donibanen sortutako banda bat dela adierazi du Karmele Urtxulutegi Lasa kideak. Egun, Gipuzkoako eta Euskal Herriko banda zaharrena da, eta bere izenak islatzen duen moduan, irmo mantendu da bi mendez Donibaneko egunerokoan. Une honetan 25 pertsona ari dira Konstantzian, eta banda bat direnez, instrumentu ezberdinak jotzen dituzten kideak biltzen dira bertan.
Konstantziaren jarduera guztiak Donibanen, herrian, izaten direla baietsi du Urtxulutegik. Banda Pasaia Musikalen barruan dago sartuta, eta hori dela eta, urtean lau kontzertu finko egiten dituztela kontatu du Konstantziako kideak. Emanaldi horiek Eguberrietan, udan, udaberrian eta Santa Zezilia inguruan izaten dira. Horiez gain, Aste Santuan prozesioan jotzen dute, eta presentzia handia dute herriko jaietan. San Joan bezperan San Joango martxa jo zuten, eta, orain, santioetara begira jarri dira. Hilaren 27an (astelehena) arrantzaleen danborradarekin aterako dira bandako kideak, 22:30ean. Ondoren, hilaren 31n, San Inazio egunean, goiz bizia izango du bandak. 09:00etan itsas diana egingo dute badian zehar, eta lurreratzen direnean, herriko kaleak girotuko dituzte. 11:00etan Bateleren desfilean izango dira, eta jarduera hori bukatu ondoren, Camara ondoan dagoen balkoitxoan pieza batzuk joko dituzte. Jaien bueltan, ekainaren 20an Pasaiako festen aurkezpenean izan ziren Trintxerpen, barruti urdineko bandarekin batera.
Duela bi urtetik, gainera, Itsas Mendik San Tomas egunaren aurreko igandean antolatzen dituen jardueretan hartzen du parte Konstantziak, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleekin batera. Gaztetxoak kantuan aritzen dira, eta Konstantziakoek musikarekin girotzen dute emanaldia.
Duela 200 urte sortua, Konstantzia belaunaldiz belaunaldi irmo mantendu da Donibanen. Ibilbide ikaragarria osatu du bandak herrian, eta, orain, 25 pertsonak ematen diote ahotsa sanjuandarren taldeari. Bandako kideek astean behin entseatzen dute, gustura ari dira, eta bidea eta herria egiten jarraitu nahi dute.
