Indarkeria matxistarik gabeko Xanistebanak helburu
Indarkeria matxista prebenitzeko eta informazioa emateko gunea izango da aurten ere Doneztebe plazako Fermiñene Etxean; telefono arreta 24 orduz eskainiko dute.
Nora Velez del Burgo Zalakain feminismo zinegotzia eta Garazi Urdanpilleta Astibia alkateordea, Fermiñene etxean.Oiartzungo Udala Jaiez aske gozatzeko espazio bilakatu nahi ditu udalak Xanistebanak, eta horri begira, aurten ere, indarkeria matxista prebenitu, horren inguruko informazioa zabaldu eta arreta emateko gunea zabalduko du Doneztebe Plazako Fermiñene Etxean. Prebentzioa landu eta indarkeria matxista kasurik egonez gero biktimei behar duten laguntza guztia eskaintzeko prest izango dela gunea azaldu dute Nora Velez del Burgo Zalakain Feminismo zinegotziak eta garazi Urdanpilleta Astibia alkateordeak.
abuztuaren 1etik, larunbatetik, hasita, 23:00etatik 07:00etara izango da zabalik gunea, eta abuztuaren 2an, Xanisteban bezperan, 19:00etatik 07:00etara. Telefono bidezko arreta, berriz, 24 orduz eskainiko dute.
Zerbitzu more konfidentziala eskainiko dutela espazio seguru horretan azaldu dute bi udal ordezkariek, “indarkeria matxistan eta feminismoan adituak diren emakume profesionalek emango dute arreta”.
Batetik, herritar ororentzako informazio orokorra emango dute feminismoari buruz, LGTBIQ+ eskubideen inguruan, sexualitateaz eta autodefentsa feministaz besteak beste. Bestetik, edozein zalantza dutenei argibideak emango dizkiete gune horretan, eta erasorik jasan dutenei entzun, babestu eta dituzten beharrei erantzungo diete, orientazioa eskaintzearekin batera. Arreta konfidentziala izango da guztiz, eta uneoro erasoa jasan duenaren borondatea errespetatuko dute.
Komun publiko gehiago izango dira gainera, xanistebanetan, “festarako espazio eroso eta garbia eskaini eta kaleak txukun mantentzeko”, azaldu dute bi ordezkariek: “Sei eta lau metroko modulu sanitarioak jarriko dira aurten ere txosnagunean eta Fermiñenen hurrenez hurren. Argiztatuta egongo dira eta bi langilek gainbegiratuko dituzte, higienea, segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko”. Txosnagunetakoa arratsaldetik goizaldera izango da erabilgarri; plazakoa eguerditik gaueko kontzertua bukatu arte.
Ez dira horiek udalak hartuko dituen neurri bakarrak. Jaietan zehar 24 orduz emango du zerbitzua Xorrolak aurten ere. Hori horrela, abuztuaren 3tik 7ra zortzi auzoak lotuko ditu orduero, 00:00etatik 06:00etara. Asteburua tarteko abuztuaren 1etik 2rako aguean hainbat kontzertu antolatu dituztenez, gau horretan ere ibiliko da Xorrola auzoz auzo; lehen zerbitzua 01:00etan egingo du eta 04:00etan azkena. biblioteka ondoko autobus geltokitik atera eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenengo. Ibilbidea, honakoa: Elizalde (irteera), Gurutze: Bizardia plazako autobus geltokia; Ergoien: Tornola kaleko autobus geltokia; Altzibar: Zokoloko zubia; Karrika: plazako autobus geltokia; Iturriotz: Beko Soro pareko autobus geltokia; Ibarre: gasolindegiko geltokia; Elizalde: Pikabeneko geltokia; Ugaldetxo: Intxixu pareko autobus geltokia; Arragua: Lartzabal etxadiko geltokia; Mendin: frontoi gaineko geltokia.
Eguneroko Xorrola ere egunero ibiliko da ordu erdiro 07:10ean hasi eta 22:40ra arte. Taxibus zerbitzua ere, egunero, ohiko ordutegia mantenduta. Hori bai, jaien harira zenbait kaleetan trafikoa moztuta izango denez, geltokietan aldaketak izango dira. Herriguneko zenbait kaletan trafikoa moztuta egongo denez, geltokietan aldaketak izango dira. Xanistebanetan ohikoak diren moldaketak egingo dira: Xorrola ez da pasako Manuel Lekuona etorbideko (anbulatorioa) eta Yon Oñatibiako geltokietatik. Taxi geltokia bibliotekako autobus geltokiaren ondoan egongo da.
LurraldeBus-en E02 eta E72 eguneko zein gaueko lineak ere indartuko dira abuztuaren 1ean, 2an eta 6an. Abuztuaren 1etik (larunbata) 2rako (igandea) gauean, gaueko zerbitzuaren amaiera eguneko zerbitzuaren hasierarekin lotuko da, 05:30etik 08:05era.
Hondakinen bilketan aldaketak
Hondakinen bilketa ordutegian aldaketak izango dira Elizaldeko zenbait kaletan jaien testuinguruan; festengatik itxita egoten den eremuko kaleetan, hain zuzen ere. Bilketa osoa goizean egingo da, 09:00etatik aurrera, eta beraz, ohikoan gauez uzten diren hondakinak 8:00etatik 9:00etara bitarte utzi beharko dira zintzilikatzekoetan. Abuztuaren 7 gauean itzuliko da zerbitzua ohiko ordutegira.
Ahal bezain hondakin gutxien sortzean eta ahal hainbat birziklatzean arreta jartzeko eskatu dute udal ordezkariek, “festak guztionak direlako, eta haiek uzten duten arrastoa ere bai”. Hondakinak prebenitzeko eta behar bezala birziklatzeko hainbat baliabide helarazten zaizkie udaletik auzoetako zein Xanistebanetako jai batzordeei. Antolatzaileen ardura ez ezik, herritar ororena ere bada hondakinena; eta arduraz jokatzeko deia egin dute udal ordezkariek. “Mantendu garbi kaleak eta guneak: ez bota ezer lurrera, arduratu zure hondakinez eta birzikla itzazu; eta ahal baduzu, gutxiago sortu. Egin ditzagun festak garbiagoak, atseginagoak eta jasangarriagoak guztion artean”, adierazi dute Velez del Burgok eta Urdanpilletak.
Bukatzeko, Xanisteban egunean, abuztuaren 3an, udal eraikinak itxita egongo dira: udaletxea bera (udaltzaingoaren bulegoa izan ezik), Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoa, Fermiñene, Elorsoro kiroldegia, Manuel Lekuona biblioteka eta udako igerilekua, besteak beste.
