KAE1 Ligako hamabi ontziek jantziko dute Oiartzun ibaia
Hibaika Arraun Elkarteak antolatuta abuztuaren 9an jokatuko dute Errenteria Hiria Ikurrinaren hamahirugarrena, 13:00etan hasita.
Hibaikaren Senior Gizonak Astilleroko (Kantabria, Espainia) estropadanLiher Saiz Zarate Arrauna gertu-gertutik ikusi eta gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei Hibaika Arraun Elkarteak abuztuaren 9an, igandea. Izan ere, egun horretan Errenteria Hiria Ikurrinaren hamahirugarren ekitaldia jokatuko dute KAE1 Ligan ari diren hamabi ontziek. Tartean ariko da Hibaikaren Senior Gizonen trainerua; iaz lortu zuten igotzea KAE1 Ligara errenteriarrek Dani Cobjucek gidatuta, eta aurten paper bikaina jokatzen ari dira liga horretan sorpresa ugari emanda.
Hibaika Arraun Elkarteak nabarmen jarri du urteko hitzordu “polit eta garrantzitsuenetako” bat dela: “Etxeko estropada ate joka dugu, eta herriarentzat zein klubarentzat erronka handia suposatzen du giza baliabide zein antolakuntza logistiko gisa”.
Gizon seniorren Madalen ontziak orain arte egindako lanaren balorazio positiboa egin du arraun elkarteak, “lanak txukun eginda helduko da etxeko hitzordura. Iaz, arraunaren brontzezko mailatik zilarrezkora igoera lortu ostean, ziklo berri bati eman zioten mutilek Dani Cobjucen gidaritzapean”. Aurtengo lehen helburua jaitsiera zuzena zein jaitsiera kanporaketa ekiditea zutela azaldu du Hibaikak, “KAE1 Ligako bigarren txandan sartzeko borroka betean iritsiko dira atzeko postuetatik urruti xamar”.
Errenteria-Oreretan jokatuko duten estropada KAE1 Ligaren barruko hamahirugarrena izango da, “eta klubetik mimoz, arretaz eta gogoz prestatu dugu estropada hau mutilek hain merezia duten aitortza jaso dezaten zaleengandik zein herritarrengandik. arraunaren zilarrezko kategorian puntu asko metatu ditu traineru beltzak eta oro har, erregulartasuna erakusten ari da bigarren txanda horretan sartzeko borrokan”.
Etxekoa, erlojupekoa izango dute, eta ikusleek bertatik bertara, gertu-gertutik ikusi ahalko dituzte ligan ari diren hamabi traineruak.
Harrotasunez esan du Hibaika arraun Elkarteak gizonen traineruak klubarentzat errekor historikoa sinatu duela aurten, “inoiz lehian izan den mailarik altuenean inoizko posturik onena lortu baitu aurtengo denboraldian: Zarautzen bosgarren sailkatu zen eta Erandion seigarren izan da. bi postu horiek berretsi egiten dute traineru igo berriaren balentria”.
Ibaiaren gertutasuna
Oiartzun ibaiaren gertutasuna jarri du nabarmen Hibaikak, “estropada gutxi izango dira Kantauri osoan arrauna hain gertutik bizitzeko aukera ematen dutenik”. Arraun elkarteak zale eta herritarrei deia Hibaikaren koloreekin gerturatzeko abuztuaren 9an Oiartzun ibaiaren bi aldeetara, “arraunlariak animatu eta txalotzeko, batez ere etxekoak. Gure berotasuna eman behar diegu egiten ari diren lan bikainaren aitortza senti dezaten, egun horretan euren onena etxean eman dezaten”.
Iztieta auzoari esker ona, bukatzeko, Hibaika arraun Elkarteak: “Badakigulako halako egun batek auzoan eragiten dituen traba eta buruhausteak. aldez aurretik, beraz, bertako bizilagunei eskerrik asko azaltzen duten errespetuarengatik. Iztietako bizilagunik gabe, gure kluba ez litzateke ezer”.
